Azken
guda dantza
Promenade
ordua zen eta nik, mandoak bezala, bueltaka ibiltzeari ekin nion. Patioa ixten
zuen hesiaren kontra bermatu ziren hiru preso eta rapeatzen hasi ziren.
Frantsesez ari ziren, espetxeko edo kaleko frantsesez, ez telebistako
albistegiko gabatxo pedantez. Beren ondoan pasatzen nintzen aldiro zozoturik
gelditzen nintzen aldarri ozen haiek adituz. Bertsolarien antzera, elkarri
erantzuten zioten, itxuraz, erabateko inprobisazioan. Liluraturik eta
disimuluz, beren saioa aditzera gelditu nintzen inguruetan. Une batez, hip
hopari esker, aske sentitu nintzen, ez espetxean baizik eta hiri handi bateko
auzo txiro batean.
Eduardo
Galeanoren “Espejos” izeneko liburua irakurria nuen hondar egunetan eta, honen
eraginez, nire espetxealdiaren kronika ironikoa ari nintzen osatzen zenbait
testu motzen bidez. Promenade ordua akiturik, patioko raperoen une magiko hura
kronika hartan sartu behar nuela nuen burutan kartzelariak ziegaraino lagundu
ninduelarik.
Atea
ireki zidan, ziegara sartu nintzen, eta, atea berriz itxi baino lehen, agindua
bota zidan kartzelariak, garrantzirik eman gabe kasik:
-Prat,
egin maletak, lekualdatua izanen zara.
Arriufa!
Ze nerbioak!
Ordu
bat eskas neukan nire lau gauza biltzeko baina, urduri, hamaika buelta ematen
hasi nintzen ziegan. Jada ez nuen egun hartarako lekualdatzea espero. Burutan
sartua zitzaidan autoz eramanen nindutela mugara eta pentsatzen nuen egunaren
lehen orduetan paratuko zutela martxan ni entregatzeko bidaia.
Baina
ez.
Eguerdia
zen eta Españako (in)justiziaren esku utzi behar ninduten.
Kantinan
erositako jakiak aste haietan apur bat lagundu zidaten preso pare bati eman
nizkion eta Tolosako espetxetik ateratzeko egin beharrekoak nahiko azkar joan
ziren. Luze gabe, furgoi batean nindoan, eskuak eskuburdinekin lotuta. Berandu
zen eta Madrilera gauean ailegatuko nintzela kalkulatu nuen, edo
polizia-etxeren batean gaua pasatu beharko nuela.
Furgoia
hala ere, Tolosa inguruko errepideetan bueltaka hasi zen, eta aireportua begiztatu
nuen.
Hegazkinez, doike!
pentsatu nuen.
Aireportuan
aldaketak egon ziren. Frantziako matoiek (estatu frantsesean kartzelariak arduratzen
dira lekualdatzeez) Españako Poliziaren esku utzi ninduten eta, aginte
aldaketan, eskuburdinak aitzinean eramatetik bizkarrean eramatera behartu
ninduten.
Polizia
batek azalpena eman zion kideari:
-Los franceses los esposan adelante y así van tan cómodos.
Esposados a la espalda van todo el viaje incómodos y jodidos, como tiene que
ser.
Egoera
berriak baina, bertze berrikuntza bat ekarri zuen. Eskuak bizkarrean loturik,
ezin nuen ia tona bat pisatzen zuen nire petatea eraman, beraz, polizia batek
kargatu behar izan zuen. Zozokeri honi garaipen zaporea hartu nion.
Poliziaren
abionetan jada, Toulousse-Seysses espetxeko patioko raperoez oroitu nintzen,
eta espetxealdiaren kronika ironikoaren beren ataltxoa “Azken guda dantza” dei
zitekeela pentsatu nuen.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina