2015(e)ko maiatzaren 11(a), astelehena

HOTZAK, hirugarren eguna (XI)




XI
Munduko borondate guztiarekin aurkeztu nuen nire burua soka-buru joateko bidea irekitzen. Ez nindoan sobera seguru, baina Karmelori eta Karlosi lan pixka bat kentzeagatik egin nuen. Halere, ez zuen ematen konfiantza handiegirik zutenik niregan eta Eiderrengan, eta bide guztia beraiek ireki zuten, lehenik Karlosek, gero Karmelok.

 Gainera, gosaltzen ari ginela, nitaz trufaka aritu ziren euskara madarikatuan bi hitz nahasi nituelako. Karmelo batez ere. Horrelakoetan ez zen batere mozten kabroi hori. Normalki ez nion bestelako garrantzirik ematen, baina egia esan behar badut, nekatzen hasia nintzen. Karmelorekin batez ere.

Bai, ados, bolondres eta erromes hitzak nahasi nituen, baina ez zen hainbesterako, eta hanka-sartze handiagoak eginak nituen. Manifen bukaeretan esate baterako, Eusko Gudariak kanta porkeri hori kantatzen zutenean, Eusko gudariak gara Euskadi askatzeko, gerturik daukagu odola bere alde emateko. Irrintzi va que chuta, mendi tontorrean… esaten zutela uste nuen.

Anekdota hura ez nien inoiz kontatu, falta nuena! Gainera, gaia ez zen inoiz atera. Tarteka, ostiraletan gehienbat, Elizondora joaten ziren presoen aldeko kontzentrazioetara, baina ez ninduten behin ere gonbidatu, eta pixka bat susmagarria iruditu zitzaidan neuk neure burua gonbidatzea.

***
Elurretan barna abiatu eta gero, poztu egin nintzen lehenbizikoa joan ez izanaz; izan ere, sekulako eguraldi txarra zegoen. Haizea, hotza, elurra… Lainoak ikuspena oztopatzen zuen eta bidea ezagutu gabe nekez joan nintekeen soka-buru.

Lettre d’au revoir izeneko iraganbidera ailegatutakoan, ea etortzearena ideia ona izana zen hasi nintzen pentsatzen. Dagoeneko argi zegoen Aitorrek ez zuela infernu hotz hartara agertu behar, eta igarobide horretan pasatu nituen beldurra eta bertigoa ikusirik, zeharkaldi oso hura burutzeko gai izango ote nintzen zalantzan jarri nuen.

Pazientzia eskatu nion nire buruari, ez baitzegoen atzera bueltarik. Gainera, Aitor ez zen horretan agertuko, baina Eider, Karlos eta Karmeloren konfiantza irabazten joateko aukera paregabea izango zen Pic de Mallacanera egiten ari ginen ateraldia.

Ayere de Nueisen muntatu genuen kanpamentua, horrela zutelako pentsatuta hasieratik, baina ez zitzaidan batere leku egokia iruditu. Udan hor egiten omen da bibaka, eta paradisua izango da beharbada. Neguan baina, infernua da, infernu zuri, hotz eta haizetsua. Haizeak zuzen-zuzenean jotzen zuen, gupidarik gabe. Pilatutako elurrak sekulako lana eman zigun kanpin-dendarako tokia prestatzen, eta are lan gehiago eman zigun haizetik babestuko gintuen murrua eraikitzeak.

Osotara bi ordu baino gehiagoko lana izan zen, haizea eta elurraren kontra palarekin borrokan. Bidean baino hamar aldiz gehiago nekatu nintzen. Kanpotik elurrak busti gintuen, barnetik izerdiak.

Afaltzeko hartu nuen zopak apenas lortu zuen nire tripa apur bat epeltzea, eta zeharo ondoezik sartu nintzen lo-zakura. Hotza egiten zuen, eta hotzak nengoen. Ezinegona gorputzaren atal guztietara hedatu zitzaidan, eta gorputzetik burura.

Nire emazte ohia etorri zitzaidan gogora.

Berarekin diskutitzean ezinegon hotz hori bera sentitua nuen behin baino gehiagotan, hotzikarak eta guzti. Beti berdin hasten zen, emazteak ez nintzela lehenagokoa esaten zidanean, alegia. Ezkongaiak ginenean, opariak egiten omen nizkion, detaileak, masajeak sentsualki eman, egun-pasak proposatu, besarkatu, zinera gonbidatu, ukitu, irri eginarazi, musukatu…

Gero, aldiz, ez omen nion kasurik egiten, ez begiratzen, ez arretarik eskaintzen. Ez omen nuen besarkatzen, ez ukitzen, ez musurik ematen. Lehen, amodioaren basapiztia omen nintzen, plazerraren artista. Beti asmatzen omen nuen non ukitu, non musukatu, nola, noiz, nondik, nora…

Ez zaitut errekonozitzen esaten zidan larrua jo genuen azkeneko aldietan, ez zaude hemen, harrizkoa dirudizu. Plastikozko kontsolagailu batek zuk baino gehiago sentitzen du, eta makurrago dena, zuk baino plazer handiagoa ematen dit. Ez dakit zer duzun, baina ez zaitut ezagutzen, deshumanizaturik zaude erabat. Lana utzi beharko zenuke. Gure harremana salbatu nahi baduzu, bederen.

Ez hasi berriz horrekin erantzuten nion nik. Ez da lana, aski ongi dakizu hori saiatzen nintzen bera engainatzen nire burua engainatzeko erabiltzen nituen argudio berberak erabiliz. Eta emazteak arrazoia zuela onartzeak sutan jartzen ninduen. Larrua jotzeko plastikozko zakil ustel bat baino ez baduzu behar, kuartel oso bat daukazu hemen esperoan, puta! Aukeratu nahi duzuna! Begira, Antoniok kristoren pepinoa omen du, edo Pepe; Pepek bi zatitan puskatuko zaituen pitotzarra dauka, hori nahi al duzu? Zurrupatzeko buztan handi bat? Bada, segi kanpora ea norbaitek bere burua gutxiesten duen zu bezalako puta merke batekin txortan eginda! Eta alde hemendik, bestela, hemen gelditzen bazara, nik neuk garbituko zaitut nire arma propioarekin!

Ohartzen nintzenerako, jotzen ari nintzen. Hasieran zaplazteko bat edo beste, gero ukabilkadak eta, azkenean, eskura harrapatzen nuen edozein gauzarekin. Fregonaren makila, telebistaren mandoa, zartagin bat, plantxa… sekulako jipoiak ematen nizkion… sekulakoak.

Kolpeak emazteak eramaten zituen, baina benetako mina nik jasotzen nuen. Izan ere, maite nuelako jotzen nuen, bion arteko amodioa eta maitasun harremana salbatzeko jotzen nuen, eta harreman hori aurrera eramateko lana ere behar nuen.

Arrazoirik ez zitzaion falta akaso, eta apur bat deshumanizaturik nengoen, baina horrela behar zuen lana eta etxea desberdindu ahal izateko. Nik, behinik behin, ez nekien beste erara egiten, eta gizatasun zantzu oro kendu nuen nire burutik. Bestela, nola egon zaitezke atxilotu bat txikitzen, zanpatzen eta kolpatzen, eta gero, besterik gabe, etxera bazkaltzera agertu? Nola itotzen ahal duzu pertsona bat bere pixetan, edo ur usteletan, eta gero, ezer gertatu izan ez balitz bezala, emaztearekin paseo bat ematera atera? Nola estutzen ahal diozu gazte bati plastikozko poltsa bat buruan konortea galdu arte, eta gero, laneko aferez deskonektatuz, telebistako arratsaldeko pelikula hain trankil ikusi? Nola bortxatzen ahal duzu neska bat pistolaren kanoiarekin, eta gero, pisu batzuk gorago, zure emaztearekin amodioa egitera joan?

Deshumanizatu behar nuen nire burua, ez zen beste modurik, eta emazteak ez zuen ulertzen. Eta ez zuen ulertu. Zakur makilatu baten moduan abandonatu ninduenean, hotza sentitu nuen. Ordura arte, lanekoa baino ez zen hotza nire etxe barnera zabaldu zen, eta ezinegona gorputz atal guztietara hedatu zitzaidan. Hotza egiten zuen, eta hotzak nengoen.

Hotza. Muturrekoa.

Hotza eta hotzikarak.

 

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina