VIII
Espetxetik atera eta gero,
gutxiagotan egiten dut, baina atxiloketaren ondoko boladan maiz egiten nuen, ia
gauero. Ez nau harritzen. Zakur basapizti horien eskuetan bortz egun
eman ondoren, edozein gauza gerta daiteke. Amesgaiztoak burua plastikozko
poltsan edota bainuontzian sartzen zidateneko sentsazio berberak gogorarazten
dizkit. Behin eta berriz. Gorputza loturik edo alfonbra batean bildurik, ito
egiten zara, eta kontziente zara itotzen ari zarela, baina ezin duzu deus egin,
ezpada zure heriotza ikustea. Hori da, zure heriotza ikustea, lekuko bat
gehiagoren gisan. Bertzerik ez.
Lehenbizikoa jaiki nintzen
eta, gaueko oroitzapen txarrak baporea bailiran uxatu nahian, tea prestatu nuen
gosaltzeko. Infusio beroaren inguruan bildurik eguna planifikatzeari ekin
genion.
-Ni erromes aurkesten nais
-erran zuen Jonek bertze hiruron harridurarako.
-Aurkezten haizela zer?
-Lehenengo egunean Karmelo
joan sen soka-buru, atxo su, bada, gaur ni joango
nais soka-buru bidea irekitxen. Erromes aurkesten
nais.
Eiderrek irribarre disimulatu
bat egin zuen, nik apur bat agerikoagoa, eta Karmelo… Karmelo lurretik ajataka
zebilen barre-algara bete-betean.
-Zu erromes eta ni pamplones
-zirikatu zuen isekari.
-Aizu, Jon, bolondres edo
boluntario erran nahiko duzu, ezta? -sartu zen Eider irakasle doinuaz.
-Bai, hori, bolondres, o lo que sea, como se
diga...
Irri egin genuen
tarte batez. Egia erran, borondate guztia zeukan Jonek euskaraz egiterakoan,
nahiz eta tarteka astakeria bat edo bertze bota. Horrelakoetan, irakasle
paziente baten jarrera hartzen zuen Eiderrek, asmakizun moduko azalpenak edota
sinonimoak bilatuz. Karmelok, aldiz, ez zion bat ere pasatzen uzten eta
berehala zirikatzen zuen.
Ni erdibidean nengoen.
Batzuetan irri egiten nuen, baina gehiegikeriarik gabe; izan ere, miretsi
egiten nituen euskaldun berriak. Guk ez dugu baloratzen txikitatik ikasten
dugulako baina argi dago euskara ikastea
ez dela gauza erraza izan behar. Oskorriren kantak dioen moduan, hamaika hitz
gauza bera adierazteko eta hitz bakar batek hamaika erranahi aldi berean. Gehi
aditzak, aditz laguntzaileak, esaerak… Zalantzarik gabe, meritu handia dauka
euskara ikasteak. Edo bertze edozein hizkuntza. Gu adibidez, ingelesarekin
hasten ginen eskolan, eta ez ginateke gai izanen ezta agurtzeko ere kasik.
-Ongi duk Jon, baina gaurko
bidea ez duk atzokoa bezain erraza. Ez zegok hain argi -erran nion eskua
sorbaldan paratuz bere burua eskaintzeko keinua eskertuz-. Gaurkoan ere ni neu
joanen nauk soka-buru berriz, ez badik inporta.
Haize bortitza zebilen,
erasokorra. Etsai ikusiezina erraten nion nik haizeari. Elurra, euria, hodeiak,
ekaitzak… horiek denak urrundik ikus daitezke, badatozela ikus dezakezu.
Haizea, ordea, ikusiezina da eta eraso egin artio ez duzu antzematen. Berandu
denean alegia.
Ekaitza bat diktadura
bezalakoa izan daiteke, ailegatzen dela ikusten duzu, eta ailegatutakoan,
borraz jotzen zaitu, bortizki. Haizeak aldiz, gure demokrazia kapitalistekin
du antzekotasun handiagoa, demokrazia eta kapitalismo hitzak
esaldi berean paratzen ahal badira ustel usaina hedatu gabe. Demokrazia
kapitalistak egunero zapaltzen zaitu, egunero estutzen zaitu behar artifizialak
sortaraziz kontsumoaren zirrika eroan. Etxea, autoa, arropa, ordenagailua,
mendiko materiala… sosa, sosa eta sosa. Eta bankuak eta kredituak. Borra
bortitzik gabe, zu zeu bihurtzen zara zure buruaren zapaltzaile. Hortaz erraten
diote kapitalismoari kristalezko kaiola. Eta antzerki handi horretan libreki
parte hartzen duzula sentiarazteko, bozka eske etorriko zaizkizu lau urtetik
behin. Eta guri, euskal independentistoi, ezta hori ere dagoeneko.
Nolanahi ere, kaiola
kristalezkoa baldin bada eta ikusten ez badugu, nola dakigu existitzen dela?
Alba Ricok idatzi zuen Basorako neskatiko bati ea nola zekien haizea existitzen
ote zen galdetuta, “nire soinekoa eta nire geranioa eraman dituelako” arrapostu
egin zuela. Amerikako Estatu Batuak bezala. Inoiz ikusi ez arren, bere
lapitzak, bere gozokiak eta bere anaia Ali eraman zituztelako zekien
neskatikoak Estatu Batuak existitzen zirela.
Yankiak. Urde ustelak.
Garai batean Estatu
Batuetan ez da inoiz estatu kolperik izan enbaxada amerikanorik ez dagoelako esaera
zebilen bolo-bolo Latinoamerikan. Eta ez zen arrazoirik falta. Ba ote dago
munduan gerraren alde hainbertze eta bakearen alde hain guti egin duen
herrialderik? Ez dut uste. Guatemala, El Salvador, Kuba, Ekuador, Venezuela,
Chile, Argentina, Vietnam, Afganistan, Irak, Palestina… amaigabea da zerrenda.
“Terrorismoa txiroen gerrari
deitzen diote eta gerra aberatsen terrorismoari” zioen Sastrek. Baina dena
bezala, hasiera duenak bukaera ere izanen du, eta munduko iraultzaile guztiok
norabide berean putz eginen dugun eguna ailegatuko da noizbait. Putz eginez,
gure arma ikusiezina jaurtiko dugu etsai ikusiezinaren kontra eta, luze gabe, kurritzen
ari garen garaipenerako bideari bukaera emanen diogu.
Guk, gure aldetik,
iraultzaile sutsuenen determinazioaz abiatu ginen haizeari aurre eginez,
pazientziaz eta urratsez urrats bidea irekiz. Gero, haizeak elur-ekaitza ekarri
zigun opari. Elurra arroparen zirrikitu guztietatik sartzen zen eta gu lauron
sokadaren arrastoa berehala ezabatzen zuen.
Bi metroko ikuspena zegoen,
ez gehiago.
Zakur zahar baten intuizioaz
egin genuen aitzinera, zuri ilun hartan zehar, eta Lettre d’au revoir iraganbidera
ailegatu ginen. Horrek erran nahi zuen Solenco harrizko orratzaren
oinarrian geundela. Orratz hau gainditzeko Lettre d’au revoir iraganbide
bera zeharkatzea zen biderik motzena. Eta halaxe egin genuen.
-Ni fresko
nagok -erran zidan Karmelok erdi oihuka-, neu pasako nauk lehenbizi. Hik
aseguratu.
Elur-ekaitzak elkarrizketa
saiakera oro zailtzen zuen.
-Ados, baina lagundu lokarria
prestatzen.
-Ongi duk.
Denbora irabaztearren
harrizko pareta eta elurraren artean sortzen zen arraildura aprobetxatu genuen Gizon
Hila izeneko lokarria prestatzeko. Horrela, Karmeloren erorketa ematekotan,
lurrean atxikiko ninduen kordinorako kanala baino ez genuen egin behar.
Azpi-azpian izotza egon arren, gaineko elur geruza bota berriak ez zeukan
kohesio sendorik eta horrek eraginkortasun apur bat kentzen zion seguruari,
baina ez genuen bertze aukerarik. Laurogei bat zentimetro sakoneko kanal
perpendikularra egin genuen, izotzaren kohesioaren bila edo.
-Egin ezak ballestrique
korapiloa -erran zidan Karmelok piolet bat ematen zidala-, alondra erakoa
aiseago irristatzen duk pioletaren kirtenean.
Pioleta puntaz beheiti
elurretan sartu eta, kordinoa kanal perpendikularrean zehar ongi hedatuz,
aseguratzeko tokian kokatu nintzen, bi metrora guti goiti-beheiti.
Igarobide delikatua zen,
zentzumen guztiak eskatzen dituzten horietakoa. Arras maldatsua zen eta elur
bota berriaren geruzak azpiko izotz plakak estaltzen zituen. Izotz plaka
horietako bat zapaldu eta beheiti joanez gero, berrehun bat metroko tobogana
zegoen, bertze mundurako tobogana ziurrenik. Au revoir gutunik idatzi
gabe.
Karmelok dotore pasatu zuen,
kranpoiekin urrats sendoak emanez piolet batez lagundurik. Irristatu eta
beheiti joaten bazen nik kontuko nuen, sokaren laguntzaz. Ni, elurretan
iltzatutako pioletak kontuko ninduen, kordinoaren laguntzaz. Teorian bederen.
Eta kasu horretan hobe zen horrela, teoria praktikan paratu behar izan gabe.
Jon eta Eider bi aldetatik
aseguratuta pasatu ziren, eta ni, azkena, Karmelok aitzinetik aseguratuta.
-Hemendik aitzin ni
joanen nauk soka-buru -erran zuen Karmelok aseguratzeko lokarria desegiten
zuela.
Arratsaldeko lehen orduetan
hirugarren gaua emanen genuen Ayere de Nueis parajera ailegatu ginen,
Pic de Mallacaneko mendebaldeko paretatzarraren azpira. Shackletonen Bidea pare-parean
geneukan, esperoan.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina