IX
Aitorren faltan, nire buruari
besarkaturik iratzarri nintzen. Bera besarkatu eta nire gorputzaren kontra ongi
estutuko nukeen eguna noizbait ailegatuko litzateke; bizkitartean, bere
besarkadak nituen amets.
Oinak hotz nituen. Hala ere, nagiki
atera nintzen lo-zakutik. Eta Karlosek utzitako lo-zakutik Karlosek
prestatutako gosarira egin nuen. Biba hi, Haibol!
Gosarian irri batzuk egin
genituen Jon eta bere hanka-sartze xelebreekin. Egia erran, maiz egiten
zituen holakoak. Nerearekin tematu zen aldi hartan bezala. Lotsarik
gabe, ohi bezala, kalakan hasi zen klasean, San Jose goiti Nerea beheiti, Nerea
goiti San Jose goiti… Azkenean galdetu egin nion ea zer erran nahi zuen
ditxosozko Nerea horrekin, eta “bai” erran zidan, “Nerea, Maria, Jesusen
ama... La virgen!”
-Nondik atera duzu hori Jon?
-galdetu nion harriturik- Nereak ez du Ama Birjina erran nahi.
-Mikel Laboaren kantatik -erantzun zidan, eta
kantatzeari ekin zion-. Hegoak ebaki baniskion, Nerea y San Jose…
Hau kalamidadea pentsatu
nuen. Gosariko tearen inguruan kontatu nuenean, barre-algara batean egon ziren
Karlos eta Karmelo. Ez zuen ematen Joni anitz axola zitzaionik. Normalean,
horrelako astakeriak erraten zituelarik eta zuzentzen nizkiolarik, ez zuen apuru
handirik hartzen. Behin batean, aldiz, hondoa jo zuen klasearen erdi-erdian. Ez
naiz oroitzen zer ari ginen ikasten zehazki, Nor-Nori-Nork lehen aldian
edo, eta erabat blokeaturik gelditu zen. Amorruz, erdi negarrez hasi eta ospa
egin zuen klasetik, klasean geunden guztiok ez zerurako ez lurrerako utziz.
Denbora tarte bat itxaron nuen eta bere xerka joan nintzen, lasaitzeko asmoz.
-Egun txarra isan dut
-erran zidan-, eta batxuetan pentxatxen dut es naisela inois ongi
ikasiko.
-Lasai Jon, denok izaten ditugu egun txarrak. Eta nik,
ez bat ez eta bi ere, aise gehiago izaten ditut.
-Es, es… no hay más cera que la
que arde. Es dut inois ongi ikasiko. Gausa asko bai
agian, baina ongi-ongi inois es. Nire ama-hizkuntxa gastelania da,
eta kitxo.
-Ados Jon, txikitatik
ikasi zenuen hizkuntza gaztelania izan da, baina euskara barne-barnean
sentitzen baduzu, ederki aski ikasten ahal duzu. Azken finean, Euskal Herria
denon ama baldin bada, euskara denon ama-hizkuntza izan daiteke, ez?
Hau errandakoan, aurpegia aldatu zitzaion Joni eta
moztuta gelditu nintzen. Ez nuen zergatia ulertu, baina hanka sartua nuela
iruditu zitzaidan. Apenas nekien ezer Joni buruz, nor zen, nongoa zen, zer
pentsatzen zuen… Nola ezagutu behar nituen zeintzuk ziren bere euskara ikasteko
arrazoiak? Gasteizkoa zela errana zuen, baina argi zegoen gurasoak kanpotarrak
zituela, Espainiako hegoaldekoak edo, zeren eta azentu txiki batek salatzen
zuen.
Eta ni Euskal Herriaz eta
holako alukeriez solasean.
Jende batek Euskal Herrikoa
sentitzen delako ikasten du euskara, bere sustraiekin lotzeko modu
eraginkorrena delakoan, baina bada bertze jende mota bat zeinak curriculuma
apaintzeagatik baino ikasten ez duena, bertzerik gabe, frantsesa, alemana edota
swahilia balitz bezala.
Bertze batzuek, Baztan
bezalako zonalde euskaldunetan batez ere, inertziaz ematen dute izena
euskaltegian, egunerokoan praktikoa izan daitekeelakoan, erabakiari sobera
buelta eman gabe. Jon, beharbada, multzo horretan sartzen zen. Erratzura etorri
eta mundu guztia euskaraz solastatzen zela ikusirik, ez zitzaion ideia txarra
irudituko Zubi Puntako mozkor batean behin eta berriz erran ziotenean. Gainera,
euskaltegira etortzeak bere bizi soziala handituko zuen, baita
alferkeria garaian ez aspertzen lagundu ere.
Edozein modutan, arrazoiak
arrazoi eta bajoiak bajoi, ederki ari zen ikasten. Pausorik zailenak emanak
zituen dagoeneko: euskaltegian izena ematea eta bere buruarekin batera bere
harremanak euskalduntzea.
Lehenbiziko pausua jende
anitzek ematen du; ados, eta ez da horren zaila, baina bigarrena… hori bai
zaila! Erabateko iraultza mentala behar da lehenagotik dituzun harreman
erdaldunak euskalduntzeko. Gurasoak, anai-arrebak, lagunak… Betidanik erdaraz
ezagutu duzun jendearekin arras zaila da txip aldaketa hori egitea.
Zenbat koadrila egonen dira Euskal Herrian den-denak edo ia denak euskara ikasi
arren, erdara dutenak hizkuntz nagusia lagunartean?
Bada, Jonek, erdietsi zuen.
Eta hasieran ezagutu genuen Vitoriako erdaldun hura Gasteizko euskalduna
bihurtua zen jadanik.
***
Karlos atera zen soka-buru.
Ikaragarrizko hotza egiten
zuen, kristoren haizea, eta guti balitz bezala, elur-ekaitza sartu zen goiz
erdialdean. Ez zen apenas ikusten, hiru metrora baino ez. Robot baten antzera,
oinak aurrekoaren aztarnetan sartu eta segi aitzina, ez nuen bertzerik egin.
Horrela ez dakit zenbat ordutan, eta egia erran, ez nuen batere disfrutatu
tarte horretan.
Solenco orratzera ailegatu ginenean, apur bat animatu zen
eguna. Lettre d’au revoir iraganbidea entretenitua izan zen, eta bideko
monotonia zuri-hotzarekin apurtzeko balio izan zuen. Pasoaren tentsioak
adrenalina goititu zuen eta adrenalinak kolore pixka bat eman zion egunari.
Berez, ongi aseguraturik, ez zeukan horrelako arriskurik, baina zure oinen
azpian berrehun metro baino gehiagoko amildegia ikusteak errespetua ematen du.
Ongi egon zen, eta hurrengo egunetan etorriko zenerako beroketa moduko bat izan
zen.
Ayere de Nueisera ailegatu ginelarik, eta uste
genuenaren kontra, ez zen lana akitu. Soilik atseden bero baten itxaropenak
arindu zuen kanpamentuaren muntaketa.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina