2015(e)ko apirilaren 17(a), ostirala

Erlojuari eraso basapiztiaren sabelean (XIV)




IZARRETAN NAUZU

Semetxo/alabatxo maitea, aita nauzu. Bai, badakit oraindik ez zarela sortu, eta hilabete zenbait falta direla horretarako, baina, beharbada, sortzen zaren egunean ez naiz bertan egonen eta azalpen bat zor dizut.

Ez naiz bertan egonen izarrak ordenatzen egonen naizelako.

Aspaldi, arras aspaldi, Arranoak izar guziak asmatu zituen, baita zeru gainean zintzilikatu ere, euskaldunok Pirinioetako gau ilunetan gal ez gintezen. Izar horien laguntzarekin, herriz herri, mendiz mendi eta oihanaz oihan joaten ginen, gauari beldurrik izan gabe.

Egun batean baina, hegoaldetik nahiz iparraldetik, bertze lurraldetako jendea etorri zen gurera, zaldi handi eta astunen gainean. Pirinioek, pottoken trosten leunera ohiturik, ez zuten zaldi astun haien pausu bortitza jasaterik izan eta beldurrez dardaraka hasi ziren mendiak eta errekak, landareak eta harriak, lurra eta zerua.

Hain dardara handia izan zen, izarrek oreka galdu egin zutela eta zeharo desordenatu egin zirela. Geroztik, ez zegoen gauean ibiltzerik eta, izarren laguntzarik gabe, jendea galdu egiten zen.

Guk, euskaldunok, horrela ezin zela segitu erabaki genuen irmoki eta izarrak ordenatzeari ekin genion.

Hasieran Euskal Herrian bertan hasi ginen, sekretupean, baina zaldi altuetatik aise ikusten gintuzten inbaditzaileek. Hortaz, urrunera jo genuen. Etxetik urrun (batzuetan 4-5 ordura autoan eta bertze batzuetan 10-12ra), izarrak sekretuki ordenatzen segitu genuen.

Bai, leku sekretuak dira baina familia eta lagunak bisitan etor zaitezkete. Batzuetan astero eta bertzeetan hilero.

Hurbiltzean dorre altu batzuk ikusiko dituzu seguruenik, espaziora igortzen diren koheteak koordinatzeko kontrol-dorreak direnak. Ailegatzean, pareta, murru eta hesi altu-altuak ikusiko dituzu, espioien begirada indiskretuak saihesteko direnak.

Izarrak Ordenatzeko Basearen barruan, segurtasun neurri handiak antzemanen dituzu. Ez izutu, espioiek izarrik ez ebasteko baino ez dira.

Azkenik, nirekin egoteko, kristal lodi bat egonen da tartean. Afera da izarrak zeruan itsasteko kola azkar bat erabiltzen dugula eta apur bat toxikoa izan daitekeela. Hala ere, hilabetean behin Kantauriko ur gazia ekartzen digute bainu batez partikula arriskutsu oro garbitzeko. Egun horretan, kristalik gabe egoten ahalko gara.

Beraz, hau da gertatzen dena semetxo/alabatxo maitea. Agian errazagoa litzateke gezur edo ipuinen bat asmatzea sortzen zaren egunean bertan ez naizela egonen azaltzeko baina ez dugu zertaz lotsatu beharrik, izar ordenatzailea duzu aita, bertzerik gabe. Eta kito eta punto.

Alabaina, ez kezkatu, egunen batean Arranoak paratu zituen leku berean egonen dira izar guziak eta falta garen euskaldun guziok etxera itzuliko gara.

Bizkitartean, zaindu ongi amatxo eta, nire falta sumatzen duzularik, begiratu zerura eta oroitu aita hor dagoela, izarrekin dantzan.

Izarretatik maitasunez, muxu.
 
 
 

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina