2015(e)ko martxoaren 11(a), asteazkena

Erlojuari eraso basapiztiaren sabelean (XII)




IGANDEA

Kristauen jefeek diote beren jainkoak atseden eguna izendatu zuela igandea, nahiz eta beraiek egun horretan lan egiten duten soilik (eta guti). Presook berdin-berdin ateratzen gara patiora igandetan ere, bueltak eta bueltak ematera atsedenik gabe.

Aztekek jainkoen edaria deitzen zioten txokolateari, eta jende hilgarriak debekaturik zeukan. Guri, gosaltzeko, kakao edaria banatzen digute igandeetan, kruasana eta guzi.

Erraten denaren arabera, eliza bat omen dago espetxe barruan eta, nahi izanez gero, apez katolikoa, edo protestantea, edo musulmana, edo judua eska dezakegu.

Ni, bistan denez, ez naiz elizatik pasatu. Are gutiago galdetu dut apez bat. Hala eta ere, ez zait iruditu jainko aunitz inguru hauetan dagoenik. Ez onik bederen.

 

TABU

Arras interesgarria omen den aldizkari komertzialaren titular nagusiak honela dio: Azken ikerketak. Zakilaren egiak eta mitoak.

Argazkian mutil puska ageri da, biluzik, gihartsu, depilatuta, irribarre eta begi politekin. Hankartea eskuekin estaltzen du.

Egia al da zakila delako hori existitzen denik?

Zientzialariak, politikariak eta apezak bildurik daude, arrapostua adostu nahian. Eztabaidaren emaitza luze gabe komunikatuko digute.

Bisitetatik bueltan biluzarazten gaituen kartzelaria kontsultatzea gomendatuko nieke nik.

 

SEIAK BAT

Baxenabartar batek erran zidan gu ez ginela nafar bakarrak.

Xiberotar batek Iparralde kostaldea baino gehiago dela.

Baionar batek Euskal Herria Hegoalde baino gehiago dela.

Nafarrok, Hegoalde baskongadak baino gehiago dela erantzuten diegu.

Bizkaitar batek aldarrikatzen zuen bazegoela batzokietatik kanpo bizitzerik.

Eta giputxi batek Baztanen non zegoen onddorik galdetu zidan.


-Zer? Araba?

-Bai, Gasteiz inguratzen duen lurralde hori.

-A, bai, Araba, egia da.

-Araban… Araban…

Araban bagare?

 

IPARRALDEKO BERTSIOA

Lagun astapito batek erraten zidan Nafarroako Erribera Españari eman beharko geniola negoziazioan. Bazekien gurasoak Erriberakoak ditudala, eta zirikatzeko erraten zidan.

Berriki, Iparraldeko nafar batek, Biarritz arazo bat zela zioen. Pariseko aberatsen putetxea omen da, hitzaren zentzurik irekienean (aberatsa zein putetxea).

-Negoziazioan Frantziari eman beharko diogu.

Nik ez dut familiarik bertan, zuk?

 

TEORIA ETA PRAKTIKA

“Gutieneko” droga kontsumoa baimenduko dela espetxeko barne-arautegian agertzea eskandalagarria litzateke.

Ez agertzea hipokresia.

Tolosako aireak Euskal Herrikoak ez duen usain goxoa dauka eta presoek kili-kiliak dituzte esku-ahurretan.

 

AURPEGIA

Onartu beharko dut azkenean, drogazale aurpegia daukat. Bestan denetarik eskaini didate beti. Atzerrian denetarik eskaini didate beti. Kontroletan hautsontzia begiratzen didate beti. Aireportuetan droga detektatzen duten zakurrek detektatzen naute beti.

Espetxean, drogarik gabeko eremu libre horretan, haxixa erosteko eskaintzak bata bertzearen gibeletik datozkit.

Bisitetatik ateratzean arroparen zirrikituak eta gorputzaren ziloak begiratzen dizkigun kartzelaria etorri zait burura. Bertzeok, gure lanetan eraginkorrak ez bagara, kanporatu egiten gaituzte.

 

BIZIOAK

“Harrera” moduluan (normalean aste bat ematen da bertan espetxera ailegatzean nahiz eta ni hiru eman ditudan), lehenbiziko egunetan, eta sosaren afera bideratu bitartean, ea tabakorik behar genuen galdetu ziguten kartzelariek.

Nik ez dut erretzen eta ez zidaten galdetu ea boligraforik eta paperik behar nuen.
 
 
 

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina