MAKILLAJEA
GORROTO
Egia
errateko, ez naiz inoiz aunitz makillatzen den neska batekin liatu. Eta egia
errateko berriz ere, ez zait inoiz makillajeak neskak edo mutilak edertzen dituenik
iruditu. Zapore txarraren gaian sartu gabe…
Elurra
aldiz, paisaiaren makillajea izan daitekeena alegia, ezberdina da.
Mendiak
ederrak dira, eta elurrak are ederragoak egiten ditu. Basoak ederrak dira, eta
elurrak are ederrago bilakatzen ditu. Herriak edo hiriak politak eta itsusiak
izan daitezke, baina elurrak denak edertzen ditu.
Zinez
maite nuen elurra, hegalak moztu dizkidan espetxea elur geruza polit batez
edertua ikusi dudan artio.
Gainera,
30 bat zentimetro bota ditu, eta nik 8-10 metro behar nituen.
ATEA
IREKI, ATEA ITXI
Seysseseko
espetxean, Tolosa (Okzitania) ondoan, hamar presoetatik sei edo zazpi
arabiarrak edo magrebtarrak dira, bi edo hiru zuriak, eta bat edo bi beltzak.
Haietatik gehienak Tolosa zein hiri handien periferien auzo txiroetatik datoz,
eta garai bateko etorkinen seme-alabak dira.
Goizeko
11:30ean bazkaria banatzen digute hiru langilek (bi preso eta kartzelari bat),
eta arratsaldeko 5:30ean afaria zein biharamuneko gosaria ekartzen dizkigute
bertze hiru langilek (igandeetan kruasana eta guzi!).
Ziegako
atea ireki eta ixteko atezain ezberdinak ditugu egunean zehar, baita
promenadera edo parloirera edo liburutegira edo kirola egitera joateko
laguntzaile ezberdinak ere.
Epaitegira
joan behar dugularik txoferra paratzen digute, eta txoferraren taxiraino egin
beharreko bidean hamarnaka jende dugu gure zerbitzura, dela ziegaz ziega
ibiltzeko dela ipurdia eta pitilina bidean ez ditugula galdu ziurtatzeko.
Hogeita
lau ordu dugu argindarra ziegan, baita ur beroa ere. Hotel honetara sartzean
arropa poltsa bat ematen digute debalde: pijama bat, bi kamiseta, trikota bat,
bi gayunbo, praka batzuk, bi pare galtzerdi, espartin batzuk, dutxarako txankletak,
nezeserra, toallak, maindireak…
Horren
hotel handia eraikitzea seguru ez zela merkea izan, are gutxiago mantentzea.
Patioan
zaintzaileak ditugu min har ez dezagun jostetan gauden bizkitartean. Zaintzaile
hauek jornala izanen dute…
Hainbertze
hesi, burdin, kamara, pantaila, bozgorailu, megafono eta kristal paratzeko sosa
ez dut uste inguruko baratzetan ateratzen denik…
Hain
zaila al zen sosa horiek guziak presoen auzoetan xahutzea itxaropenari atea
irekitzeko?
Dirudienez,
aise errazagoa da burdinazko ateak giltzarrapoz ixtea.
ERROMANTIZISMOA
PIKUTARA
Duela
urte batzuk ‘Canal du Midi’ delakoaren ibilbide guzia egin genuen bizikletaz,
Tolosatik bertatik Mediterraneoraino. Ez naiz zehazki oroitzen baina 300
kilometro inguru ziren.
Orain,
Tolosa ondoko espetxean ostataturik, harritu egin nau zenbat itsastxori
dabiltza inguruetan itsasoa hain urrun egonik.
Itsasoa,
itsastxoriak, askatasun eza, hegan egitea… Osagai hauek guziak kontakizun
erromantiko eta nostalgikoak idazteko baliatzen ahal nituen: …itsastxoriek espetxe inguruan egiten dute
hegan, presook ikus ditzagun, patiotik urruneko itsasoetara ihes egiteko hegan…
Edo itsastxoriak presoen leihoetara
hurbiltzen dira, urruneko itsaso, pirata nahiz altxorren elezaharrak kontatzeko,
denboraren segundo luzeen erasoaren aitzinean amore eman ez dezagun… Edo…
Baina
ez. Errealitatea bertzelakoa da. Preso beterano batek kontatzen duenaren
arabera, espetxeak berak sortzen duen zaborretik bizi dira itsastxoriak (politikarien,
polizien eta epaileen antzera, beraz), eta itsasoko arrantza ez-segurua baino,
zabor segurua nahiago omen dute.
Espetxea
beraz, delinkuenteak gizarteratzea helburu omen duen instituzioa, itsastxoriak
zabortxori bilakatzen duen zoologikoa baino ez da.
Aspertzen hintzen doike, holako pitokeriek idazteko! Jajajaja...
ErantzunEzabatuBroma da... Sei kapituluak irakurri ditut eta aski pollitek dire...