Bigarren
eleberria kaleratu du Ernesto Pratek, ‘Orpoz orpo’
Txalapartak argitaratu duen eleberrian umorea, sexua
eta ihesaldia uztartzen dira.
Klandestinitatea, sexua eta umorea: horiek dira
Ernesto Prat Urzainki, Little-en (Berriozar, 1978) Orpoz orpo
azken eleberriaren hiru gako nagusiak. Hala azaldu zuen egileak berak
ostiralean Iruñeko Elkar liburu-dendan ospatutako aurkezpen ekitaldian.
Berriozarraren bigarren lana da Txalaparta argitaletxearen eskutik datorren Orpoz
orpo, 2013an Metaziri aldizkari kolektiboarekin kaleratu zuen Hiru
ilargi laurden-en ondoren. Egileak, herrian egindako atxiloketa batzuk
medio Guardia Zibilarengandik ihesi dabilen pertsonaia baten gorabeherak ditu
hizpide kontakizun honetan.
Iparraldean hasi eta Italiaraino eramango duen
bidaia horretan, argitaletxetik azaltzen den bezala, “aberriaren edo
sozialismoaren militante baino sexuaren militante den Karlosek inguruan dauzkan
guztiak dantzan jarriko ditu: laguntza emango dioten kideak, poliziak,
Erakundea...”.
“Erabat
konplexurik gabe idatzi nuen istorioa”, argitu zuen atzokoan Pratek, “ez nuen
konplexurik izan ez sexu eszenak azaltzerakoan ez protagonistaren jarrerak
erabakiak eta hautuak euskal gatazkan, klandestinitatean eta militantzia
iraultzailean kokatzerakoan”. Hala ere, eta sexuak kontakizunaren baitan pisua
daukan arren, egileak lehentasuna tramari eman diola ere azaldu zuen: “Sexua
bada istorio honetan baina badira gauza gehiago. Irakurlearen jakin-mina
piztuko duen trama sortu nahi izan dut, eta trama hori umoretik kontatu”.
Jon Jimenez
Txalapartako editoreak ere umorearen erabilpena azpimarratu zuen atzokoan.
“Umorea den heinean, gure umorea da, guk geure buruaz egiten duguna, kanpotik
guri buruz egiten duten umorea indargabetuz”. Editorearen iritziz, Literotura
sailaren baitan biltzen den lana ausarta da: “Egiaren ausardia azpimarratu
behar da, hemen bizi izan dugun egoera umorez tratatzen duelako. Irakurtzen
duen edonork barre egiten du”. Ihesaldian idatzitako ihesaldi istorioa Ernesto
Prat Guardia Zibilarengandik ihes egiten zegoela hasi zen idazten, 2008an. Orpoz
orpo lanaren lehenengo zatia, hartara, ihesaldian hasi zen itxura hartzen,
egileak berak atzo azaldu moduan. “Bigarren atala atxilotu eta Toulousseko
espetxean nintzela idazten hasi eta behin kalean nintzela bukatu nuen”.
Izan ere,
Praten egoera pertsonalak eragin zuzena izan zuen, garai hartan, literaturaren
arloan murgiltzerakoan. “ Ihesaldian garai desberdinak bizi izan nituen eta,
oso burumakur nenbilen garai batean, garai zail batean, hasi nintzen liburu hau
idazten. Egoera zail bati umorea landuz erantzun nion”.
Hala ere,
azpimarratu zuenez, lanak ez du autobiografia arrastorik. “Nire esperientzia
pertsonalak baliatu ditut narrazioan baina pertsonaiak eta kontakizunak ez du
zer ikustekorik nirekin”.
2009an,
sasian zegoela, Pyrenaicako mendi ipuinen IV. lehiaketan lehen saria
eskuratu zuen Pratek Free Peltier Little Horse lanarekin eta 2012an
Iruñeko Udalak antolatutako Egile berrientzako euskarazko XXIII. literatur
lehiaketan hirugarren saria irabazi zuen Lozen izan nintzen lanari
esker.
xehetasunak
Fitxa teknikoa. Egilea: Ernesto Prat Urzainki.
Argitaletxea: Txalaparta. Bilduma: Literotura. Salneurria: 17 euro.
Eleberriaren inguruko hitzaldiak, Elizondon eta
Izuran. Joan den astean Donostian eta pasa den ostiralean Iruñean aurkeztu
ondoren, egileak ‘Orpoz orpo’ eleberriaren inguruko hitzaldi txandari ekingo
dio laster. Lehenengoa Elizondoko gaztetxean izango da, urriaren 10ean,
ilunabarrean. Eta bigarrena Izuran (Nafarroa Beherea, Oztibarre eskualdea) eskainiko
du, urriaren 17an. Etorkizunera begira, bere sorterria den Berriozarren ere
hitzaldiren bat lotzea du helburu idazleak.
Miren Mindegia - Oskar Montero - Domingo, 28 de
Septiembre de 2014 Iruñea
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina