Orriak

2014(e)ko ekainaren 20(a), ostirala

La vie rêvée d'Ernesto G.


 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
La vie rêvée d’Ernseto G.
Jean-Michel Guenassia
Éditions Albin Michel (2012)
 

“Ze liburu eramanen dut?” Ohiko galdera da honakoa bidaia baterako motxila prestatzean. Guk, aukeran, joaten garen lekuan girotutako eleberria nahiago izaten dugu. Pragarako baina, ez genuen deus berezirik aurkitu, hortaz, bizpahiru liburu hartu genituen irakurri gabekoen apalategitik.

Bruselako aireportuan bortz ordu eman genituen hegaldiaren esperoan eta, bueltaka, liburudenda batean bukatu genuen halako batean.

Izenburuak deitu zuen gure arreta lehenik, “La vie rêvée d’Ernesto G.”. Eta kontra-azaleko laburpena irakurrita, Pragan irakurtzeko ezin aproposagoa iruditu zitzaigun. Istorioa 1910-2010 urteen bitartean gertatzen da, Pragan, Algerian eta Parisen. Protagonista Pragako Joseph Kaplan izeneko mediku judutarra da, tango dantzari bikaina, izurriaren kontrako borrokan buru-belarri dabilena.


Jean-Michel Guenassia

Istorioan aitzinago, 1966. urtean,  gerrillari aparta den Ernesto G. delako bat ezagutuko omen du protagonistak, eta “omen” diogu ez baitugu liburua bukatu.

Erdia irakurri dugu guti goiti-beheiti (567 orri ditu liburuak), Bigarren Mundu Gerra akitu arte edo, eta irakurketa nekeza suertatu zaigu. Kontaketa lineala da, eta tramak ez gaitu batere lotu. Adierazgarria da errate baterako, irakurri dugun puska guzian ez dugula esaldi bakar bat ere azpimarratu, normalean gustatzen zaizkigun esaldiekin egiten dugun gisan.

Beraz, marketinak ziria sartu zigun, eta izenburu baten biktima sentitu ginen. Gainera, edizio frantsesa izanik, kasik euro bat gehiago ordaindu behar izan genuen Belgikan erosteagatik…

 

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina