Gaua zen erreserba zaharrean. Basoa mutu zegoen,
tarteka, animaliaren baten ihesak isiltasuna apurtzen zuen. Edwin, gure
protagonista, bidezidorretik zihoan ilunpetan. Ilargiak frontalik gabe ibiltzea
ahalbidetzen zion. Eskerrak. Gauaren iluntasunean argi baten mugimendua sobera
deigarria litzateke. Guardek aise ikusiko zuten eta hauen jazarpenak arriskuan
paratuko zuen abentura.
Bitxia zen leku eder
horren historia, 1884an indiarrendako erreserba izan zen eta zuriek handik
ateratzeko debekua ezarri zieten. Mende pasa geroago, zuri horien ondorengoek,
agintean oraindik, parke tematiko bihurtu zuten, mendi lirain haietara
hurbiltzeko sarrera gisako bat ipinita. Horrez gain, zenbait ekintza, eskalada
eta espeleologia bertzeak bertze, debekatu zituzten. Kirol hauek ez omen zuten
sosa nahikorik uzten tokiko txiringito turistikoetan. Harrigarria nonbait,
lehen ezin atera, gero ezin sartu.
Edwinek argi zeukan
helburua: ekialdean zegoen “Little horse” izeneko paretatzarra kateatzea. Horma
honek erakartzen zuen, udaberriko lore koloretsuek erleak erakartzen dituzten
legez eta barruko bultzada bati erantzuna bilatu nahiak proiektu arriskutsu
horretan sartzera eraman zuen. Gauez eta mendiz joatea erabaki zuen. Txikitan
gurasoekin emandako egun-pasei esker aski ongi ezagutzen zituen hango bazterrak
eta ilargiaren laguntzarekin ez zen bide zaila izanen. Mendiz sartzearenak agintariek
paratutako bidesaria ez ordaintzea zuen helburu, izan ere, bertze aukera bat
zen turistaz mozorrotua sartzea eta momentu jakin batean parkea zeharkatzen
zuen tren elektrikotik jaistea, baina naturaren ustiapen espekulatzailearekin
kolaboratzeak amorrua ematen zion.
Aitzinerat segitzen zuen.
Erritmo horretan egunaren lehen argiekin batera eskaladari ekinen zion, eta
behin goiti abiatuta ezinezkoa izanen zuten guardek igoera ekiditea, nahiz eta
prismatikoekin urrundik ikusi.
Adrenalina borborka zuen,
urduri zegoen. Bakarrik zegoen. Honela ibiltzeak apatxeen “Zaldia bilatzera doana”
deituriko iniziazio erritua ekarri zion gogora. Apatxeek, heldutasunera
ailegatzeko basora abiatu behar zuten bakarrik, zaldi basa bat erdietsi artio.
Hainbat egunez jarraitu behar zuten aukeratutako zaldia, jateko eta edateko
atsedenik eman gabe, animaliak gaztearen eskutik jan artio. Orduan, eta soilik
orduan, bueltatzen ahal zuten herrixkara. Zaldiarekin, gizon eta gerlari
bilakaturik.
***
Edwin gaztea sasoian
zegoen, berezkoa zuen argaltasuna eta giharrak auzoko rokodromoan lantzen
zituen. Irlandan izandako gosetetik eskapo etorri zen bere familia Ipar
Amerikara hiru edo lau belaunaldi lehenago. Hala ere, aitak txikitan kontatzen
zizkion iratxoen kondairekin aspertzen zen. Indigenen istorioek berriz,
liluratzen zuten. Egia erran, bazirudien Irlandako mitologia zaharra ez zela Edwinekin
galduko zen gauza bakarra izanen. Familia arras katolikoa zen, berak ordea,
erlijio katolikoaren sinesmenen gainetik, Amerikako indigenen erritu paganoak
sentitzen zituen hurbilen. “Littel horse” igotzearena bezala zen, ez zekien
zehazki zertaz, baina bihotzak eskatzen zion eta bultzada horri bidea ematen
zion, bertzerik gabe.
Janzkera traketsekoa zen
eta mendian itxura zatar hau areagotzen zuen. Hori guziari, indioei zien
mirespena zela medio, ilea luze-luzea eta arrano luma pare batez apaindua
eramaten zuela gehitu behar zitzaion. A ze piura!
***
“Littel horse”. Zaldi
txikia. Izena apatxeek paratu zuten euren hizkuntzan baina erreserbaren
kontrolaz arduratzen ziren “Fort Black”-eko militarrek ingelesera itzuli zuten.
Gerora, jatorrizko izena galdu egin zen eta itzulpenak baino ez zuen urteen
joan-etorrian biziraun. Errekaren kontrako norabidean haranean sartuz gero
parez pare ikusten zen mendia. Honen formak, perspektiba honetatik ikusita betiere,
zaldi txiki baten buruaren antza zuen, ezkerretara begira. Bistan zegoen beraz,
izenaren zergatia.
Horma ikaragarria zen.
Zirudienaren arabera zapaldu gabea, edo beharbada, abenturazale baten batek
eskalatua eta agintariekin arazo legalak saihesteko egitasmoaren berri eman
gabe utzia. Honek ez zitzaion aunitz axola Edwini, ez zen batere dominazalea.
Pentsatu bezala,
egunsentiarekin ailegatu zen “Little horse”-ra. Orain nondik hasi erabaki behar
zuen. Bi linea posible ikusten zituen. Bat zaldiaren eztarritik belarrira
joaten zena, zuzena eta motza. Zaldiaren lepotik belarrira bertzea, paretaren
eskuinetik ezkerrera zeharkatzen zuena. Lehenbizikoa, bai, motzagoa zen, baina erosioa,
artekak eta heldulekuak ikusita bigarren aukera zuen logikoena. Azken hau izan
zen hautatu zuena.
Hasierako luzeak, egia erran,
ez ziren zailak. Harria desegina zegoenez, kasu pixka bat ematea nahikoa izan
zen arazorik gabe tarte hori gainditzeko. Lehenbiziko metroak askatuak,
lasaitzeko eta hausnartzeko une batez gelditu zen. Hortik aitzinerat guarden
eginahalak alferrikakoak izanen ziren, ezinezkoa eginen zitzaien igoera galaraztea,
orain oztopo bakarra pareta bera zen. Gainontzeko aferak atzendurik
mugimenduetan kontzentratu zen.
Argi zegoen nondik jo.
Arteka estu bat jarraitu zuen berdegune txiki bateraino. Aurrera egin ahala
handituz zihoan bertikaltasuna, gero, bukaeraraino mantentzen zen. Arraildura
estu horrek tximinia bati paso ematen zion. Urteetan zehar urak zizelkatutako
ebakia, mendiaren errailetatik segitzeko harrizko tunel bertikala. Edwinek
gustoko zituen iraganbide hauek eta hemen eskalatzeko modua aldatu zuen.
Helduleku guti izan arren, pareten arteko indarraren kontraposizioaren bidez
goiti egiten zuen, gorputza fisurero erraldoia balitz bezala.
Harriaren barnean zegoen.
Eguzki izpiak nekez sartzen ziren eta hezetasuna usaintzen zen. Gauean sentitu
zuen bakardadeak berriro inbaditu zuen. Soilik bere arnasketa azeleratuak
hausten zuen isiltasuna. Artekaren barrualdera begiratu zuen, mendiaren bihotza
ikusi edo entzun nahiko balu bezala. Goyathlay gerlari txirikahua etorri
zitzaion burura, zeinari San Jeronimo egunean borroka latz batean parte hartu
zuelakotz zuriek Jeronimo goitizena jarri zioten. Ondoren, askatasun egarriak
zein borrokarako grinak ia mitoa izateraino eraman zuten. Jeronimok, bere herria
gidatzeko erabaki garrantzitsuren bat hartu behar zuenean mendietara joaten zen
pentsatzera. Erabaki zuzenena bilatzen zuen. Horretarako barauan eta
bakardadean ematen zituen egunak, mendien eta basoen espirituak aditzen.
Honela, meditazio sakonean, erantzuna aurkitzen zuen. Gure gazteak, ez zuen
gidatu beharreko herririk, baina mendiek eta basoek bizitzaren zentzuaren
hausnarketan laguntzen zioten.
Tximiniatik aterata, hormaren hondar zatia falta
zuen, plaka zabal bat. Dudarik gabe, puskarik zailena. Hemen, hutsegite txiki batek
heriotza suposatuko luke, baina momentuz eroso zebilen. Oinak zerbait goititu,
besoak luzatu, euskarriak bilatu eta goiti! Poliki-poliki gaztetan
hainbertzetan amestutako mendia garaitzen ari zen.
Une zehatz batean, ez
aurrera ez atzera blokeaturik zebilen. Oreka galtzen zuela nabaritzen zuen.
Gorputzaren kontrola berreskuratzeko eskuineko oina eskuinago pausatu beharra
zeukan. Ezkerreko eskuarekin harria ukitzen zuen zerbaiten bila baina ez zuen
eusteko deus aurkitzen. Izerditan zegoen, eskuak gero eta bustiagoak zeuzkan
nahiz eta praketan idortzen saiatzen zen. Indarra galtzen ari zen, hanken
dardara jasanezina zen. Horrela ez zuen denbora aunitzik iraunen, zerbait egin
behar. Fite gainera! Gero eta urduriago, nerbioek ez zioten pentsatzen uzten. Bat-batean,
ahots sakon batek zera erran zion: “Egoera larrian zaude Edwin, jadanik ez dago
atzera bueltarik. Hartutako erabakiekin kontsekuentea izan behar duzu, eta
ondorio guzien ardura zure gain hartu behar duzu. Lasaitu zaitez. Utziozu zure
buruari zure eskuak gidatzen begien bitartez.” Orduantxe, erortzear zegoela,
eskuineko oina eta eskuarekin indarra eginez goitiruntz bultzatu zuen,
ezkerreko eskuak euskarri sendo bat aurkituko zuela sinestuta. Muturreko egoera
baten aitzinean muturreko erabaki bat. Dena ala deus ez.
Balantza gure
protagonistaren aldetik paratu zen.
***
Hondar metroak gaindituta
kaskora ailegatu zen. Ordura artio pasatutako urduritasuna eta tentsioa poza
ziren orain. Amets bat betetzearen poza. Punturik altuenean zutik jarri zen,
zeruari begira. Unibertsoaren zilborra zela iruditzen zitzaion eta den-dena,
mendiak, basoak, errekak, baita eguzkia ere, bere inguruan jirabiraka ari zela.
Begiak itxi zituen eta Goyathlayen argazki mitikoan pentsatu zuen. Erriflea
eskuetan, larruzko polainak, belauna lurrean, soineko argia, lepoan zapia… aurpegiko
zimurretan, aho estatikoan eta begirada sakonean etsipena sumatzen zitzaiola.
“Mila esker emandako indarrarengatik Jeronimo” xuxurlatu zuen Edwinek.
Orain, egindako
bidearendako izena behar zuen. Minutu pare batez pentsakor gelditu zen, zerura
luzatu zituen besoak eta “free Peltieeeeer!” oihukatu zuen.
Leonard Peltierrek hogeita
hamar urte baino gehiago zeramatzan espetxean FBI-ren muntai polizial baten
ondorioz. Amerikako indiar nazioaren eskubideen aldeko mugimenduko partaide
aktiboa izan zen eta egindako borroka garesti ari zen ordaintzen. Mundu injustu
batean injustiziak nonahi.
Goyathlay apatxe
txirikahuaren ahotsak errandakoa aintzat hartuta, Edwinek bere pentsakerarekin
koherentziaz jokatu zuen. Mendi federazioan “Free Peltier” izeneko bide berria
erregistratu zuen eta presoaren askatasunaren aldeko kanpainari gehitu zen
“Little horse”-ko egitasmoa, agintarien balizko errepresaliak kontutan hartu
gabe. Nonbait, bere buruarekin zintzoa eta kontsekuentea izatea oztopo horien
guzien gainetik egon zen.
Geroztik, mendi kasko
batera igotzen den bakoitzean, haizearen laguntzaz oihartzuna erreserba
zaharreko zoko guzietara zabaltzen dela “injustiziarik gabeko mundu baten alde…
FREE LEONARD PELTIER!” oihukatzen du.
Errepresioaren joanak
Askatasunaren etorriak izanen direlakoan,
etorririk gabeko bortxazko joanik ez!
Little
*ipuin honek Pyrenaica aldizkariko mendi ipuinen IV. lehiaketako lehen saria eskuratu zuen 2009an.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina