Lur
azpian frontala itzaltzea eta denbora tarte batez isilik gelditzea alimaleko
esperientzia da. Sinplea bezain trinkoa. Erabateko iluntasunak mugimendua transmititzen
dio buruari, hutsaren amildegia. Entzumena, instintiboki, zorroztu egiten da.
Urruneko ur emaria adituko duzu, tai gabeko tanta-erortzearen oihartzunak, zure
arnasketa erreprimituaren burrunba. Segituan, buruak muga oro hautsiko du eta
imajinazioari eraginen dio ezin era askeagoan. Buru gaineko hamaika mila tona
arroka sentituko dituzu sorbaldetan eta, segundo-milarena batez, diaklasaren
frikzioa irudikatuko duzu, harrabots sorgarriaz lagunduta. Kalapitaren ertz
batetik, ekaitzaren osteko barealdian, zure gorpua argiki irudikatuko duzu, zapatua,
txikituta. Hilik.
Burua
mugituko duzu iluntasunean, bertze alde bateko gertakariak ikusi nahian.
Lurraren
erraiak agertuko zaizkizu, meandro estu, bertikal, makur eta okerretan.
Sakontasunean mota eta tamaina guztietako herensugeak ikusiko dituzu, goiti
atxikika lehian, zure gorputz txikia helburu.
Argia
piztean, harrabots oro isilduko da, mugimendu oro geldituko.
Pareko
harria begiratuko duzu eta bere gelditasunak harritu eginen zaitu.
Segundo
batzuk beharko dituzu lur azpiko balizko errealitatera itzultzeko.
Goizeko
bortz eta erdiak eman gabe abiatu nintzen Baztandik Santa Grazira buruz, Ufestueken
bartako kontzertuaren ubera itzali gabe oraindik. Izpegi eta Oskitzeko lepoak
igaro nituen Perseiden bonbardaketaren azpian.
Abuztuaren
hamaikak Zuberoako errepideetan argitu zuen.
Urduri,
lagunekin finkatutako hitzordua itxaron nuen. Hasieran furgonetan, Santa
Graziko elizako hilerriko hilarrien artean ondoren. Mugimendua hasi zen pareko
aterpean. Egunak argitzen zuen mendigoizaleendako. Begiratzen nien, begiratzen
zidaten, eta erlojuari begira ezkutatzen nuen nire inpazientzia. Lagunen
seinalerik ez. Auto konbinazioa egin behar genuen, auto batzuk Contiendan eta
bertze batzuk Santa Grazin utzita. Saretik hartutako krokisak, azalpenak eta
topografiak errepasatu nituen, eskolako azterketarako ematen den hondar
errepaso moduan. Zizka-mizkak antolatu nituen jateko, erlojuari begiratzea saihestuta.
Larratik
datorren errepidearen zatiei behatzen nien, mendira abiatzen zirenek niri
behatzen zidaten. Lurtarrak beraiek, lurrazpitarra
ni.
-Aio.
-Aio,
bai.
Lagunen
furgonetak ikusi nituen azkenean errepidean beheiti. Erlojua begiratu nuen.
Ordu bateko atzerapena. Aupa Otxola!
pentsatu nuen umoretsu.
-Lehenengo
taldea orain sartuko da, zortzi eta erdiak aldera -erran zidan Davidek beren
gosariko gorabeherak azaldu ondoren-, eta falta diren putzuak instalatuko
dituzte. Gu bi ordu beranduago sartuko gara.
-Aunitz
falta da instalatzeko?
-Ez,
aunitz ez. Lehengo putzuak atzo instalatu genituen. Goizeko ordu bata pasata
atera ginen zulotik.
Tira,
Otxolako kideek alimaleko lana egina zuten aurreko egunean. Goizeko atzerapena,
beraz, aski justifikatua zegoen.
-Elkartuko
gara nonbait lehenengo taldearekin?
-Nik
uste baietz. Edozein modutan, ez baditugu harrapatzen, Arroila Handian
itxaronen gaituztela geratu gara.
Bi
furgoneta Santa Grazi gaineko pista baten bazterrean utzi genituen, ARSIPek
emandako baimenak agerian utzita, eta Contiendara abiatu ginen hirugarren furgoneta
batean.
Txirrindulariek
biziki maite duten San Martingo Harriko portua gainditu genuen Belaguako
Contiendarako bidean.
-Begira,
Lepineux putzua -azaldu zuen batek errepide azpiko ingurune bat seinalatuz-.
San Martingo sistemaren lehenengo esplorazioak hortik egin zituzten.
Errepideak
norabide aldaketa egin zuen eta pareko magaletik ikusi genuen Lepineux
putzuaren sarrera. Urte luzetan munduko kobazulorik handiena kontsideratutakoa
xaloki gordetzen zen mendi zoko hartan.
Guk C. 50
izeneko leizetik sartu behar genuen San Martingo sistemara. Helburua, Verna
aretoko tuneletik ateratzea.
San
Martingo sistemak dituen hamar sarreretatik hiru daude Nafarroan: San Martingo
Harriko leizea bera, Llano Carreraseko Leize Handia eta Contiendako C. 50
leizea. Autoritateek aspaldi itxi zuten lehenengoa, guk, azkena aukeratu genuen
zeharkaldia egiteko.
Larrako
errepideak egiten duen bihurgune helikoidalean dagoen parkingean bertze bi
lagun gehiagorekin elkartu ginen. Osotara bederatzi lagun ginen. Lehenengo
taldean lau, bigarrenean bortz.
Abuztuaren
hamaikak egun zoragarria eskaini behar zien lurtarrei. Guretzat ere
garrantzitsua zen eguraldi ona, leizeak euri-ura biltzen zuela irakurria
baikenuen. Uraren gorakadaren ondorioz, Haizearen Tunela sifonatu zitekeen,
gure pasoa eta ametsak moztuz.
Prefosta,
kanpoan eguraldi ona ala txarra, Haizearen Tunela zen zeharkaldiaren gakoetako
bat. Paradoxikoki, espeleologoak kanpokoa aztertzen du maiz barneko eboluzioa
ulertzeko.
Contiendako
eski estaziotik abiatzen den pistatik hurbildu ginen C. 50 leizea ezkutatzen
duen lapiazeraino. Bidexendra ttipi batek zuloaren ahora doan harrizko
terrazara eraman gintuen. Arlas mendia lekuko, ingurua ezin ederrago zegoen.
Lurraren errainen aho hark jan egin nahi gintuen eta gu desiotan geunden.
Lehenengo
taldeak instalatu sokak bidea erakusten zigun, argitik ilunera.
Harriak
elkarri botatzeko arrisku handia zegoenez, binazka joateko estrategia hartu
genuen, distantziaturik, aurrekoaren “libre” jaso arte ez jarraitzeko
irizpidearekin. Edozein harri txikiak triskantza handia egin dezake leize baten
bertikaltasunean. Zer erranik ez gure oinen azpian zeuden harri koxkorrek.
Sarrerako
zuloa berehala estutzen zen, petatearen betiereko borrokari hasiera emanez.
Petateak gainera, gure arnesetatik zintzilik, harriak amiltzeko arriskua
handitzen zuen.
Alde ala
kontra, lagun ala etsai, petatea ezinbertzekoa du espeleologoak. Egun hartan,
errate baterako, zeharkaldiaren gakoak ziren zenbait igarobide gainditzeko
funtsezkoak eramaten genituen petatetan: lur-azpiko errekatik aitzinatzeko
neoprenoak eta jatekoa.
Sarreratik
metro gutxi batzuk barrurago, izotz bloke bat zegoen, pilatzen den elurretatik
elikatzen dena, urte guzian urtzen ez dena.
Lehen
zatietan lurrean pilatzen ziren harriek biltzen zuten gure arreta guztia.
Ezinezkoa zirudien harri mukuru horietatik pasatzea harririk bota gabe. Bertzeekiko
ardura erabatekoa zen. Paretak estutzen ziren puntu batean burdinazko txapa
handi bat zegoen, beheiti joaten diren harriak eusteko presa baten pareta
moduan.
“Pasatu gainetik
txapa sobera ukitu gabe”. Sartu aitzin komentatutakoak tentsioa areagotzen zuen.
Txapa mugituz gero, neurtu ezinak ziren arranbelaren ondorioak. Gorputza
uzkurtu egin zitzaidan pentsatze hutsarekin.
Txaparen
azpitik berrogei metroko putzua zegoen eta, ezkerretara doan igarobidea
jarraituta, goitiko putzuen bertikaletik atera ginen azkenean. Lasaitasun
hasperena saihestezina zen.
Hogeita
hemezortzi metroko putzu estetiko batek lur azpiko ehun metroko kotara eraman
gintuen. Hurrengo ehun metroak eroso egin genituen, sei eta hamalau metro
arteko putzuak jaitsita.
Espeleologia
talde kirola da, edo talde zientzia. Kirola ala zientzia, taldean praktikatzen
den ekintza da. Hala ere, urruneko frakzionamendua dela edota igarobide
estuegia dela eta ez dela, egoera aunitzetan gelditzen zara bakarrik, hurrengo
soka noiz libratuko, errate batera. Kasu horietan hiru aukera dituzu,
esperientziaren eta izaeraren arabera.
Garrantzirik
ez eman egoerari, periodikoa asperduraz irakurtzen duenaren antzera. Aukera mistikoa,
lurraren erraiekin lotura magikoa aurkituta. Edota, beldurrez joa, presaka
akitu maniobrak atakatik ateratzeko eta taldekoengana lehenbailehen
ailegatzeko.
Modu
batera ala bertzera izan, lur azpiko iluntasunean senti daitekeen bakardadea
bizi beharreko esperientzia da. Itzela. Alimalekoa.
C. 50eko
azken putzuek René-Jean putzua osatzen dute, ehun metro ingurukoa. Hondar
jaitsieretan topatu genuen lehen taldea, azkeneko metroak instalatzen.
San
Martingo Harriaren sistema esploratu zutelarik, honaino ailegatu omen ziren
1975ean eta 1984ean, azpitik goiti etorrita San Martingo errekako ibaiadartxo
bat jarraiturik. C. 50aren eta San Martingo sistemaren arteko lotura, ordea, ez
zen 1987. urtera arte erdietsi, sarreratik hogeita hiru metrora dagoen
igarobide estua oztopo gabetu zuten arte.
Puntu
horretan, hirurehun eta zortzi metro lur azpian eta Rushbar meandroa baino
lehen, neoprenoa paratu ala ez eztabaidatu genuen. Geneukan erreseinak
irakurketa bat baino gehiago ahalbidetzen zuen. Bagenekien meandroa arras estua
izanen zela eta, Arroila Handira ailegatzean neoprenoak paratzeko tokirik
ezean, hortxe aldatzea erabaki genuen.
Rushbar
meandroaren estutasunean sartuta, berehala ohartu ginen neoprenoa paratu izana
hanka sartzea zela. Zinez estua eta zorrotza zen, denbora guztian zeharka
joatera behartuz. Neoprenoa ertz eta kosketan trabatzen zen, aurreratzea
oztopatuz. Petatearen tamaina ere gakoetako bat bilakatu zen meandro estuan.
Puntu zehatz batean eskuinera biraketa egiten zuen meandroak eta, norabidea
argi zegoen arren, eraman beharreko altura izan genuen zalantza. Estutasunak ez
zuen treguarik ematen eta progresioarekin jarraitzeko lekurik zabalenak
aurkitzea lan nekeza suertatu zen.
Meandroak
Arroila Handira jaurti gintuen azkenean, Hesi Handiaren gibelera.
Etsiturik,
neoprenoak paratzeko egokia izan zitekeen harrizko hondartzatxoari behatu
genion. Fruitu lehorrak jateko eta ura edateko probestu genuen geldialdia.
San
Martingo errekak zizelkatu Arroila Handian geunden, C. 50 leizea gibelean
utzita, hirurehun eta hogeita hamalau metro lur azpian. Lur azpian aurkitutako
lehen erreka da San Martingoa, aurreko mendeko 50. hamarkadan deskubritutakoa.
Urez ongi zihoala iritzi genion eta horrek apur bat lasaitu egin gintuen.
Haizearen Tunela sifonaturik aurkitzearen etengabeko mehatxuak indarra galtzen
zuen.
Belaunetaraino
gehienetan eta gerriraino nahiz bularreraino aldika, errekaren norabidea jarraitu
genuen uretatik. Hiru gradutan zegoen ura. Tarteka gainditu beharreko oztoporen
bat agertzen zen, taldearen dinamika moztuz soka aitzineko itxaronaldiarekin.
Errekaren ibilgu aktiboa abandonatuta, Marmiten galeriara ailegatu ginen.
Neurri guztietako marmita borobilek ezinago ederra bilakatzen zuten galeria. Bertze
garai bateko kultura batek eraikitako bainuen pare, aho zabalik kontenplatu
genituen urak kapritxoz landutako bainerak.
Erlaitza
Handian bibak zahar baten hondarrak ziruditenak aurkitu genituen, hasierako
esploratzaileen balentrien lekuko. Paradoxikoki, zabor hondar haiek ekintza
gogoangarriekin amestera bulkatu gintuzten.
Vianako
Printzea izeneko aretoa zeharkatutakoan, Haizearen Tunela entzutetsuaren
sarrera bilatzeari ekin genion. Kitzikaturik, taldekideon urduritasuna agerikoa
zen. Bakoitza bere aldetik, ondokoei jaramon handirik egin gabe, antsietatez
kasik, tunelerako sarrera bilatu genuen.
-Hortik
bai? Hemendik ez dakit!
-Begiratuko
dut hemendik!
-Hemendik
bai, nik uste!
-Hortik?
-Hemendik
ere!
Komunikazio
kaotikoak ez zuen emaitzarik izan. Taldeko hiru Haizearen Tunelaren lehen
sarreratik sartu ginen eta bertze seiak, gatera bat pasaturik, Arlasen
ibaiadarretik. Haizeak, igarobidearen izena justifikatuz, gogor jotzen zuen.
Lehen berrogeita hamar metroak oinez egin genituen, uretatik, buien bidez
muntatutako eskubanda baten laguntzaz. Aitzinago, igerian jada eta sabaia metro
erdi batera, tunelaren sabaian bertan instalatutako soka batek ahalbidetu zigun
Haizearen Tunelaren azken berrogeita hamar metroak azkarrago gainditzen.
Laurehun
eta laurogei metro lur azpian geunden, goititik beheiti bustita eta, hotzari
aurre egiteko, ibiltzeari ekin genion taldeko bederatzi lagunak tunelaren
bukaeran elkartu bezain pronto. Hogeita hamar bat minutu jarraitu genuen
ibiltzen, gorputza berotzeko, eta, leku aproposa aurkitu genuelarik, neoprenoak
erantzi genituen.
Hortik aurrera
espazio ikaragarri handietan barna ibili ginen, sabaia gure buruen gainetik ehun
metrora egotea ohikoa zelarik. Nafarroa izeneko aretoaren dimentsioak, errate
baterako, alimalekoak dira. Han-hemenka osatutako mugarriek eta paratutako
balizek erraztu ziguten bidea aurkitzen arroka kaosen artetik eta igaro
beharreko desnibelak gainditzen.
Zazpi-zortzi
ordu genituen oraindik irteeraraino eta taldeak kohesio arazoak zituen.
Sarreran ez bezala, taldetxoak osatu genituen nahi gabe. Edozein modutan,
geldialdiak egiten genituen tarteka-marteka, denok elkartzeko.
Lepineux
aretoan egin genuen atsedenetako bat. Deskansatzeko. Eta tokiak zuen
solemnitatea arnasteko.
Goiti
begiratuta, San Martingo Harriko leizearen hutsa ikusten genuen, zeruko Zulo
Beltza bailitzan eta, beheiti jarraituta, 1952. urtean Marcel Loubens
bulkanologoaren istripuaren lekukoak aurkitu genituen. Garaian erabiltzen zen
zirga hautsita, hogeita hamar metrotik amildu zen Loubens, zauri larriak
pairatuz. Bi egun egon zen hilzorian burdinazko esku-ohe batean hil zen arte.
Erreskate saiakera guztiek porrot egin zuten. Hor egon zen bere gorpua, bi urte
beranduago ateratzea lortu zuten arte. Hortxe zegoen burdinazko esku-ohea, gure
parean, zorigaiztoko gertakari haien lekuko. Ondoko harrian xumeki zizelkatutako
mezuak gogoratzen zuen gertatutakoa:
“Marcel
Loubens 14-8-1952”
Beherako
bidea jarraitu genuen, balizak eta mugarriak segituz ahal zen neurrian.
Halakoetan galtzeak denbora eta indarrak xahutzea suposatzen du, eta garesti
ordain daiteke. San Martingo sistema esploratu zuten lehen espeleologo haien
balentria ezin burutik kenduz, miresmena antzeman zitekeen gure arteko
elkarrizketetan. Orduko eta egungo materialen konparaketak balio erantsia
ematen zien garaiko esploratzaileen ekintza gogoangarriei. Handitasun beltz
hartan garaiko argiztapen sistema eskasekin imajinatze hutsak zirrara sortzen
zigun. Casteret eta Loubens aretoak; Metroa; Queffelec, Adelie eta Chevalier
aretoak… Urruneko kontinente baten esplorazioarekin pareka zitekeen abentura hura.
Arrakasta ala heriotza. Egunak edota asteak iraun ditzake bazter ilun haietatik
egin beharreko erreskate batek. Zer erranik ez hasierako garai haietan, non San
Martingo Harriko errepidea, errate baterako, ez zen ezta existitzen ere.
Tekniken eta materialen garapenean sartu gabe. Trevanian idazle amerikarrak Zuberoan
girotutako Shibumi fikziozko nobelako pertsonaiak gogoratu nituen irribarre
xalo batez, nahiz eta, berriz ere, errealitateak fikzioa gainditu.
Istripu
batek, handiak ala txikiak, ehunka pertsonen egunetako lan nekeza ekarriko zuen.
Euskal Herrian bertan geunden, etxean, etxetik hain urrun baina.
Bat-batean,
leize hura etxetik inoiz egondako lekurik urrunena zela otu zitzaidan.
Hasperen
egin nuen.
Verna
areto entzutetsura sartzeko igarobidea aurkitzea uste baino gehiago kostatu
zitzaigun. Bi galeria aztertu genituen, emaitzarik gabe. Azken kilometroetan
saihesten aritu ginen errekara jaitsi ginen. Eskubanda batek eta uraren gainean
ahokatutako burdin batek Vernara ailegatzeko gakoa zen igarobidea ahalbidetu
ziguten. Berehala, handietan handienak irentsi gintuen. Verna aretoko
handitasunak txiki utzi gintuen. Sabaia ehun metrora genuen gure buruen
gainetik eta laurogei metroko ur-jauziak bertze ehun metro beheiti urruntzen
zuen ura. Vernako bazterrak miretsi genituen begi arranpaloekin. Bere bortz
hektareek munduko lur azpiko areto bisitagarririk handiena bilakatzen dute eta,
han eta hemen turistentzat paratutako manikiek, distantziei neurria hartzen
lagundu ziguten. Turistak ur-jauziaren indarra aprobetxatzeko eraiki zuten
zentral hidroelektrikoa muntatzeko egin zuten bortzehun metroko tuneletik
sartzen dituzte, gure ateratzeko bidea izanen zen tunela, alegia.
Espeleologoak
lur-azpira sartzeko duen beharra lur-azpitik ateratzeko beharrarekin pareka
daiteke soilik, bizirauteko senari jarraituta. Tunel artifizial hartatik
goizeko ordu bata eta erdietan atera ginen, hamabortz ordu beranduago. Oskarbi
zegoen zerua eta Pertseidek ongietorria eman ziguten lurtarren mundura.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina