Orriak

2018(e)ko urriaren 15(a), astelehena

TX2, Txaruta


-Txarutara joan behar dugu gaua pasatzera, etorri nahi duzu?
-Mendira?
-Bai, Txarutako bordara.
Ideia ona iruditu zitzaidan eta animatu nintzen.
Ordu pare bat beranduago abiatu ginen, Berriozarko hiru lagunak elkartuta.
Aspaldi izan zen ateraldi hura, eta horrela ezagutu nituen Txarutako bazterrak.
-Baina nora goaz? -galdetu zuen larriturik hirugarren lagunak Gaztelutik goiti mendiko pista hartuta abiatu ginelarik.
-Txarutara.
-Mendira?
-Bai, Txarutako bordara gaua pasatzera.
-Ez erran! Nik uste nuen Elizondoko bestetara joan behar genuela!
-Bai to!
-Jode, ba ez dut deus ere ekarri.
-Eta zer duzu motxilan, bada?
-Whiski botila bat.
-E? Lozakurik ez?
-Ez.
-Jode… Tira, lasai, autoan dudan manta utziko dizut eta, sua piztuta, ez duzu hotzik pasako.
Bordara ailegatu ginelarik ezusteko galanta hartu genuen. Okupatuta zegoen. Etxabakoitzeko koadrila handi bat zegoen eta ez zegoen tokirik.
Zorionez, batzuk ezagunak genituen eta, lo egiteko tokia ez zegoen arren, bordara gonbidatu gintuzten afaltzera. Eta mozkortzera.
Hamaika garagardo eta sagardo botila geroago, whiski botila ere hustuta, borda baino pixka bat gorago dagoen kobazuloan sartuta egin genuen lo.
Batek daki zenbat urte geroago, Otxola espeleologia taldeko lagunekin itzuli naiz Txarutara.
Umorez, aldi hartako kobazuloaren sarreraraino hurbildu nintzen eta, irribarrea ahoan, argazkia igorri nien Berriozarko lagunei.


Otxola taldean ere ospetsuak dira “Txarutadak”, eta alkoholak eta xinger erreak lanbrotutako hamaika pasarte eta bizipen kontatzen dira aldarte onez. Lekua izanen da, auskalo.
Txarutan leize bat baino gehiago dago eta hurrengo bideoan TX2 izenekoa ageri da. Sarrerako 60 metroko putzuaren oinarrian arrabio komunitate handi bat dauka, bitxikeri moduan. Progresioa arras bertikala da, oinez gutxi ibiltzearen sentsazioa utziz.
Zoragarria da, zinez.
Orain, Txarutako lur-azpi ikaragarriak ezaguturik, behin baino gehiagotan egiten diot galdera bera nire buruari: ondoan egonik, nola demontre ez naiz lehenago itzuli?





iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina