Nafarroako
espeleologia federazioak antolatu autoreskate jardunaldiak ziren, Zizurko
rokodromoan. Hango eta hemengo espeleologoak zeuden, jardunaldia aberastuz beren
egoekin. Arrakasta. Arrastaka, ohi gisan espeleon. Istripua izanez gero
espeleologoaren agonia arinduko duten teknikak ikasteaz gain, sozializatzeko
topagunea izaten dira egunok, ziloen sakontasunetik eta iluntasunetik urrun. Mahaiaren
punta batean, zinea izan zen bazkal ondoko solasaldiko ardatza. Egiazki,
pelikula guti egin dira kobazulo giroan. Dokumental gehiago, baina ez
hainbertze ere.
-Bitxia
da, bai. Mendiko espedizioetan girotutako pelikula dezente dago, baina
espeleologia, hor ere, gutitan ateratzen da.
-Eta
literaturan? Ba al dago espeleologian girotutako nobelarik?
-Shibumi,
Trevanian -izan zen lagunaren erantzuna, erantzun posible bat eta bakarra
balitz bezala-. Gainera, tramaren parte bat Euskal Herrian gertatzen da,
Zuberoan.
Ez
nuen erantzuna ongi ulertu baina, bizpahiru aldiz aipatu ondoren, ahalkea eman
zidan berriz galdetzea. Trevanian nobelaren izena zen? Shibumi egilea? Shibumi
nobela eta Trevanian egilea? Euskal Herrian gertatzen zela?
Bi
egun geroago, etxera ailegatzean, interneteko bilatzailean sartu nituen hitzak,
oroitzen nintzen moduan.
Sibimu.
Trebania.
Zuzenketa
zenbait eta Sareko karanbola batzuk geroago, liburuaren erdarazko erreferentzia
aurkitu nuen Wikipedian.
Shibumi
nobela 1979koa zen eta Trevanian Rodney William Whitaker idazle
estatubatuarraren goitizen literarioa.
Trevanianek
arras genero ezberdineko nobelak izenpetu zituen urteen joan etorrian, hortaz,
garai batean Trevanian izenaren gibelean idazle talde bat zegoela pentsatzen
zen.
Unibertsitateko
irakaslea zen eta bizitzaren parte handi bat Euskal Herrian igaro zuen bere
familiarekin, elkarrizketak eta bere argazkia publikatzea errefusatuz.
1979.
urtean, Shibumi nobelaren arrakastaren ondoren, lehenengo elkarrizketa bat
egitea adostu omen zuen, baina telefonoz, bere identitatea argitu gabe. 1983. urtean
ezagutu ziren bere balizko izen-abizenak baina 1998. urtera arte ez ziren ofizialki
baieztatu.
Nobelaren
azalaren irudiak bilatu nituen bilatzailean.
Segidan,
ohiko liburu-denden webguneak kontsultatu nituen: Katakrak, Elkar, Muga…
Ez
zegoen stockean.
Espeleologia
taldeko watsap taldean galdetu nuen, ea Otxolako inork zuen ala ezagutzen zuen.
Ez zuten ezagutzen.
Nafarroako
liburutegi publikoen webgunea kontsultatu nuen. Hiru ale zeuden Nafarroa osoan,
bi Erriberan eta bat Nafarroako liburutegi nagusian.
Liburua
ezin erakargarriago bilakatu zitzaidan eta, luze gabe, Iruñera buruz abiatu
nintzen, Nafarroako Liburutegi Nagusirantz.
Apalategien
artean galduta, tokiko antolaketaren logika bilatu nuen. Trevanianen lan
bakarra zegoen, “La sanción del Eiger”. Liburua gainbegiratu nuen. Itxura ona
zeukan. Sarean egindako Trevaniani buruzko ikerketa txikian, gainera, ikasia
nuen Clint Eastwoodek nobela haren moldaketa eramana zuela zinemara, Eastwood
bera protagonista zela, espainolez
“Licencia para matar” itzulia zutena.
Mostradoreraino
hurbildu nintzen eta Shibumi liburuaz galdetu nuen. Ordenagailuan begiratuta,
biltegian zutela erran zidaten eta ordu puntuetan joaten zirela. Erlojua
begiratu genuen. Aukera bat genuen itxi baino lehen. Bikain.
Liburu
zaharra ekarri zidatelarik, literaturako bitxikeria baino altxor arkeologikoa
iruditu zitzaidan. 1984. urteko edizioa zen, espainolezko seigarrena omen, Montserrat
Solanas De Guinarten itzulpena Plaza & Janesek argitaratua. Zinez zaharra
zegoen liburua, orri horituekin. Azaletan kafe orbanak ziruditen zikinguneak
zituen. Shibumik alimaleko xarma izaten jarraitzen zuen.
Ortzeguna
zen, beraz, Otxolako lokaletik pasatu nintzen Baztanera itzuli aurretik. Nik
gaia atera gabe, ea egun batzuk lehenago watsapez galdetua nuen liburua
aurkitua nuen galdetu zidan batek. Motxilatik atera nuen eta Gremlin bat balitz
bezala erakutsi nien, arduraz eta arretaz. Irri eta trufa artean, liburuaren
itxura fisikoaren gainekoak izan ziren lehengo komentarioak. Bertze lagun batek
sakonago aztertu zituen orri horituak. Harriturik, testuan ETA agertzen zela
aipatu zidan.
Neukan
jakin-mina gero eta handiagoa zen.
Gau
hartan bertan ekin nion nobelaren irakurketari.
Kontakizunak
lehenengo ataletik kokatzen zaitu espioitza trama batean, inteligentzia
zerbitzu bateko egoitzan hasiz. Izan ere, horixe da Shibumi bertze ezeren
gainetik, espioitza nobela bat.
Tramaren
hanka bat iraganean dago kokatua, Japonen, Bigarren Mundu Gerraren inguruko
gertakizunetan girotua. Nicholai Hel-en pertsonaiaren haurtzaroa eta
nerabezaroa kontatzen dira atal hauetan, protagonistaren izaera eta jakintza
ulertu ahal izateko. Tramaren bigarren hanka orainean gertatzen da, Amerikako
Estatu Batuetako inteligentzia zerbitzuen egoitzen eta Zuberoako herri eta
mendien artean. Benetako espioitza trama atal hauetan garatzen da.
Kontakizuna
ez dago era kronologikoan antolatuta eta iragana eta oraina gurutzatu egiten
dira liburuan zehar.
Nicholai
Hel Shangain sortutako hiltzailea da, Go jokuan eta Shibumi kontzeptuan hazia.
Bigarren Mundu Gerraren gorabehera zenbaitzuen ondoren, torturatua eta
espetxeratua izanen da eta, Japonen ibilitako euskal misiolari baten liburu
zahar batzuk erdietsita, euskara ikasteari ekinen dio espetxealdia aiseago
igarotzeko. Kontakizunean zehar euskarazko jatorrizko hitz eta esaera zahar
anitz agertzen dira, nahiz eta erdal grafiaz idatzirik agertzen diren.
Protagonistak
iraganeko harian izanen du bere lehen kontaktua euskararekin eta pentsa daiteke
euskara dela protagonista Euskal Herrira ekarriko duena orainaldian gertatzen
den harian.
Tira,
jakin badakizu Trevanian Zuberoan bizitu zela, beraz, ez da harritzekoa
nobelaren tramaren zati bat Euskal Herria gertatzea. Areago, ez da Euskal
Herritik pasatzen den Trevanianen nobela bakarra. The summer of Katya (1983) beldurrezko
nobela psikologikoa ere Euskal Herrian gertatzen da.
Beñat
Le Cagot euskalduna protagonistaren adiskide kutuna da eta, arras izaera
ezberdinekoak izan arren, askatasun goseak eta espeleologiak batzen dituzte bi
lagunak.
Le Cagoten kasuan erran daiteke euskaldunaren
topiko guztiak betetzen dituela: burugogorra, harroa, poeta eta bertsolaria
aldi berean, eta, nola ez, separatista eta ETAko aktibista.
Nicholai
Helek eta Beñat La Cagotek leize bat esploratuko dute liburuan, garai batean
espeleologia praktikatzeko erabiltzen ziren tekniken bidez. Nobelaren zati hori
aberatsa da azalpenetan eta, Sarean irakurritako iruzkin batzuek parte hori luzeegia
eta motela zela zioten arren, niri ikaragarri polita iruditu zitzaidan.
Horregatik akaso, hona nire kontraesana, kritika literarioek ez dutela deusetako
balio pentsatu izan dut noiz edo noiz. Bakoitzak berea. Edozein modutan, egia
da atal luzea dela, eta egia da ere modu independentean irakur daitekeela.
Leizearen esplorazioak ez dio ekarpen handirik egiten tramari baina, ikuspuntu
espeleologikotik ikusita, bitxikeri literarioa da, izan ere, nobela gutxitan
irakur daitezke espeleologiaren inguruko hausnarketak, balizko topografia eta
guzti.
Niri
dagokidanez, ikaragarri maitatu dut. Esplorazioaren atala zein nobela.
Trevanianen
nobelak hamaika hizkuntzetan irakur daitezke. Noizko euskaraz?
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina