X
Jonek
nire ondoan egin zuen lo, nire begien gozamenerako. Grezia klasikoko atleta
baten gorputza zeukan, den-dena bere tokian maisuki zizelkatu eta horniturik.
Hori monumentua!
Kamisetarekin
ez zuen hainbertzerako ematen; baina, kendutakoan, aldizkarietako azaletan
ageri diren modeloen pare zeuden beso gihartsuak, bular landuak eta txokolate
tableta ageri ziren. Ongi depilaturik gainera! Olentzeroa berriki pasatu izan
ez bazen, horrelako bat eskatuko niokeen. Argi eta garbi.
Ororen
gainetik baina, zer edo zer nabarmentzen bazen, bere ipurdi polit, borobil,
beltzaran, sendo, leun, suabe, gozo, perfektu, erakargarri eta jateko moduko
hori zen. Lastima hiztegi aberatsago bat ez edukitzea bi muino zerutiar horien
deskribapenean orduak, egunak, asteak edo hilabeteak emateko. Abartan mendiaren
borobiltasun perfektuaren errepresentazioa zen Jonen ipurditxoa, bi Abartantxo
goxo-goxoak.
Zergatik
zirikatzen nuen Jon hainbertze, ordea? Gustukoa nuelako seguruenik. Nolatan ez
nuen horrelako monumentua gustukoa izan behar? Horregatik zirikatzen nuen bere
ahoskera edota bere hanka-sartzeak zirela medio hamabortz urteko nerabe baten
antzera, gustukoa nuelako, bai... Los que se pegan se quieren, edo, los que se pelean se
desean erraten genuen eskolan, eta hogeita pasa urte geroago
berdin ari nintzen jokatzen. Urde maritxu patetikoa ni!
Monumentua
bai, baina nolakoa zen Jon izaeraz? Gupidarik gabe, materialista hutsaltzat jo
nuen nire burua, ipurdi eskultoriko batek ezagutzen ez nuen pertsonaz
maitemintzera bulkatzen ari zitzaidalako, heteroek bi titi eder
batzuen aitzinean burua galtzen duten modu berean. Urde maritxu
patetikoa ni!
Akaso
ez nintzen maitemintzen ari, eta nire ondoan zegoen Greziako artearen
ordezkariari matakaldi on bat eman baino ez nuen nahi, hots, gozoki on bat
dastatu.
Akaso.
Eta
berak? Nahiko zuen? Nondik jotzen zion haizeak? Erratzun zegoenetik ez zen
inorekin liatu, eta ez genuen gai horretaz inoiz hitz egin. Beraz, hetero izan zitekeen,
baita homosexuala ere. Zergatik ez?
Ni ez
naiz Brad Pitt, baina tira!, garai haietan ez nengoen hain gaizki, eta bere
gustukoa izan nintekeen. Aurreko gauean, adibidez, lo-zakura sartzeko arropa
kentzen ari nintzela, ez dakit nire paranoia izan zen ala zer, baina niri
begira egon zela iruditu zitzaidan. Beharbada gaya zen bera ere, eta ez zekien
ni zer nintzen. Handik edo hemendik enteratuko zela pentsatu nuen, bertzenaz,
nola edo hala, ni arduratuko naiz horretaz.
Galdera
bat etorri zitzaidan burura: bere gustukoa baldin banintzen, eta hala zirudien,
zertaz ematen zuen batzuetan puntuak irabazi nahi zituela Eiderrekin? Bisexuala
izan zitekeela pentsatzean, zelo-ekaitza sentitu nuen Eiderrekiko.
Edozein
modutan, ekaitz polita, bidean harrapatu gintuena izan zen. Lainoak inguru
guztia estali zuen eta haize bortitzak aurrera egitea oztopatzen zuen kasik.
Alabaina, naturaren indarren kontra egin eta pauso bat bertzearen gibeletik
emanez, bidea irekiz joan ginen.
Pausu
bat, eta bertzea. Bat, eta bertzea. Bat, eta bertzea. Pazientziaz.
Momentu
batez Bilbo Samurai sentitu nintzen, zibilizaziorik gabeko mundu batean
naturaren elementuen kontra borrokan. Bidea mingarria eta latza izan arren,
eutsi egin genion, kexarik egin gabe, errenditu gabe. Bilbo Samuraik eginen
lukeen bezalaxe.
Eguraldiaren
kaskartze horrek hondar hilabeteetako lurrikarak, tsunamiak, uholdeak,
sumendien leherketak eta abar ekarri zizkidan gogora, eta horrek gure
zibilizazio garatuaren bukaera uste baino hurbilago egon zitekeela pentsatzera
eraman ninduen berriz ere, era apokaliptiko batean.
Egun batean, dena normala zen. Betikoa. Ohikoa. Hurrengoan, hainbat
itzalaldi egon ziren leku ugarietan. Kexak izan ziren baina ez zen benetako
alarmarik egon, inork ez baitzuen espero hura behin-behineko matxuraren bat
baino gehiago izaterik. Handik oso gutxira, industria asko geratu egin ziren,
denetariko gailuak, ur-ponpak… Eta, ez bat eta ez bi, dena azkartu egin zen.
(…) Zibilizazioaren geruzak begi-kliska bat baino ez zuen iraun.
Akabo
zibilizazioa. Eta poliki-poliki izan beharrean, naturak begi-kliska batean
itzuliko balizkigu guk eragindako kalte guzti-guztiak? Ea Bilbo Samurairen
garaia hurbil ez ote zegoen galdetu nion nire buruari.
Ni
prest nengoen borrokarako, eta ez nuen agurtzeko gutunik idazteko inolako
asmorik, nahiz eta Lettre d’au revoir izeneko parajera ailegatu ginen.
Aseguratzeko
tokia muntatzen lagundu nion Haiboli. Gero, Bilbo Samurai menperaezinaren
arimaz mozkorturik, aurrera egin nuen. Elur erori berriak oinak ongi sartzen
laguntzen zuen, batetik; baina, bertzetik, azpian zegoen izotza estaltzen zuen.
Emeki, pazientziaz eta seguru, iraganbidearen erdialderaino egin nuen metroz
metro. Hor, une bat hartu nuen azpian neukan amildegiari behatzeko. Leku horri
Lettre d’au revoir izena paratu zionak zinez pertsona ironikoa behar zuela izan
ondorioztatu nuen irribarre txiki batez. Gibelera begiratuta, nire hiru
soka-kideen aurpegiak ikusi nituen, arretaz begiratzen zidatela. Lehiaketetako
oilar bat nola, halatsu puztu nintzen, harro. Han nengoen ni, ausardiaz eta
adorez beterik, berrehun metroko amildegi baten gainean hain lasai. Jonen
begiek distira berezia zutela iruditu zitzaidan, baita Eiderri distantzia
irabazten niola ere, noski.
Mugimendu
dotorez, apur bat antzeztuak beharbada, bertze alderaino igaro nintzen. Gero,
niganainoko tartean aseguratu nituen Eider, Jon eta Haibol, Ayere de Nueis-eraino
eramateko ondoren.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina