VI
“Metro guti batzuk bota naiz,
bertzerik ez” esan zuen Karlosek. Aupa baztandarrak pentsatu nuen, ez direla
erortzen, botatzen baizik. Gauza bat da euskaltegian ikasten duguna eta beste
bat, oso ezberdina batzuetan, kalean hitz egiten dena. Baztandarrak, beraz,
harroak beraiek, ez dira erortzen, botatzen dira.
Aurreko udan Erratzuko
kanpinera astebete etorri ziren Gernikako gazte haiekin bezala. Zubi Puntara
sartu eta “zelan?” galdetu zidan batek. “Ez, ni langabezian” erantzun nion.
Ziur ajataka daudela oraindik nire kontura.
Erratzukoen artean Karlosi
ulertzea zen gehien kostatzen zitzaidan, hika edo hitano delako
hori egiten zuelako. Hala ere, izen hori pila bat gustatzen zitzaidan:
hitano. Eta kanta bat gogorarazten zidan: “soy hitano y vengo a tu
casamiento…”
Karmelori errazago ulertzen
nion, normal egiteaz gain, garbiago ahoskatzen zuelako. Berak beti zirikatzen
ninduen nire ahoskera zela eta, baina niri ez zitzaidan axola, nahi nuenerako
aski eta sobera baitzen nire euskara traketsa.
Eta denen gainetik, Eider
zegoen. Eiderri den-dena ulertzen nion, edo hala uste nuen behinik behin.
Nabari zen euskara irakaslea zela, bazekien poliki ahoskatzen, hitzak ongi
bereizten esaldietan, baita sinonimo eta keinuen bidez azalpen argiak ematen
ere. Bere ahotsak txorien txioa imitatzen zuen, eztia zen, gozoa… ai…
***
Kanpamentua muntatua eduki
genuenean, zopa bero bat hartu genuen gorputza apur bat epeltzeko. Kanpoan
zebilen haizeak kanpin-denda barrura bahitu gintuen. Eguraldi txarraren harira,
hain zuzen, ika-mika txiki bat izan zuten Karlosek eta Karmelok. Eiderrek
baretu zituen animoak azkenean.
Ez zuen ematen Karlos eta
Karmelo gaizki konpontzen zirenik, eta ez dut uste kalapita handiegirik izanen
zutenik. Lagunak ziren txikitatik, herriko lagunak. Koadrilakoak.
Hori dute herri txikiek, zure
lagunak ez dituzula aukeratzen. Zure kintoak dira normalki, eta kito. Bestela,
hiri edo herri handietan, dagoen faunaren artean aukeratzen dituzu
lagunak eta, horregatik, zaletasun zehatz edo ideologia baten inguruan
bildurik, koadrilak homogeneoagoak izaten dira beharbada. Herri txikietan
aldiz, lagunak tokatzen zaizkizunak dira, koadrila heterogeneoagoak osatuz
nolabait.
Horrek alde positibo handi
bat dauka, izaera ezberdinen arteko orekan toleranteagoa izaten ikasten duzula.
Edo ez. Karmelo, Karlos eta Eider betiere, ongi moldatzen ziren beraien artean;
gainera, ezpal berekoak ziren alproja horiek.
Egun hartako tira-bira
eguraldi txarraren ondorioz sortutako inpotentziak edo ezinegonak eragin zuen,
eta kanpin-denda barruan frontalekin jokatu genuen mus partidak berehala
konpondu zuen.
Gero, bakoitza bere lo-zakuan
sarturik, une intimoagoa edo indibidualagoa etorri zen. Kasualitatez, edo ez,
dendaren beste aldean ipini zen Eider. Distantzian ez zegoen oso urrun egia
esateko, baina Karmelo eta Karlos tartean egonik, helmuga eskuraezina zen hura.
Karlosek Mp4ko aurikularrak
ipini eta musika entzuten egon zen. Karmelo fikziozko liburu bat irakurtzen,
Bilbo Samurai edo horrelako zerbait. Eider, ez nuen ikusten. Eta ni, nire
burutazioetan galdurik.
Lo-zakura sartzean, disimuluz
eta nahi gabe, edo bai, leka begiratu nion Karmelori. Ez pentsatu gaizki, ni ez
bainaiz marikoia. Kuriositateak bultzatutako erreakzio huts bat baino ez zen
izan. Jakingura esan dezagun. Nolanahi ere, ezin izan nituen konparazioak
ekidin.
Horrekin arazo bat neukan
beharbada. Bueno, nik… eta gizon askok, gehienek ez esateagatik. Amerikako
Estatu Batuetako ikerketa batek zioen zakila luzatzeko ebakuntza egiten dutenen
artean poliziak eta suhiltzaileak direla gehienak, hots, lantokian aldagela
konpartitzen dutenak. Dirudienez, erreferentzia falta omen da konplexu guztien
jatorria.
Neskak kexatu egiten dira
telebistan ageri diren emakume gehienak politak, argalak eta titi handikoak
direlako, eta horrek konplexuak sortzen omen dizkielako, baina guk, gizonok,
non ikus dezakegu gurea ez den zakil bat? Edo zakil tente bat zehazkiago
esateko? Bada, pelikula pornografikoetan soilik, eta hor sekulako tresnak
agertzen dira beti.
Beraz, berriro diot,
Karmelori buztana begiratzean, ez nenbilen marikoikerietan, erreferentzia bila
baizik.
Fimosisetik
operatutako nire txoritxo garbi eta despejatuarekin alderatuta, gehiegizko azal
tolestutako pito itsusia baino ez zitzaidan iruditu Karmelorena. Ez nintzen
bestelako ondorio sakonetara ailegatu. Gainera, nire lankide batek zioen
bezala,
sorpresa
faktorea da inporta duena, hau da, zimurtutako pitilin txiki batek erekzioan
handitzeko duen gaitasuna. Bai azaldu zigun, prakak eta gailunboak
jaitsi eta erdi barregarri den pitilina Aladinoren lanpara bailitzan igurtzi
eta… sorpresa! Altzairuzko paretak zeharkatuko zituen ikaragarrizko
tramankulua! Hori da sorpresa faktore on bat! Beste lankide batek a!,
elastikotasuna gehitu zuen. Esaten dutenaren arabera, beltz zikin horiek
dituzte zakil handienak atsedenean, baina elastikotasun gutxien duten zakilak
dira, gero ez direla asko luzatzen, alegia. Txinatarrenak aldiz, zakil txikienak
omen dira, baina gero, behar denean, zakil elastikoenak dira eta teleskopio
baten antzera luzatzen omen dira. Hori esan zuena marikoia zela esaten zen
aspalditik kuartelean, eta zakilez “hainbeste” jakiteak ez zion gehiegi
lagundu.
Zebra-gizona deitzen genion,
eta ez preseski bere buztanaren luzeragatik. Egun batean, kuarteleko
aldageletan, morenoa eta errubioa zela ohartu ginen. Buruko ilea erdi
beltzarana zeukan, bizarra erdi ilegorria, bularreko ilea beltza, zakilaren
gainekoa ilehoria kasik, barrabiletakoa apur bat ilunago eta, hankena,
beltz-beltza. Zebra bat ematen dik! erran zuen batek isekari, eta
goitizen horrekin gelditu zen betiko.
Zebra-gizona marikoia zela
ere esaten zen beste guardia zibil batekin askotan ibiltzen zelako handik eta
hemendik, Jardinerorekin hain zuzen ere. Jardinero erdi metrosexuala zen, bere
janzkera eta itxura asko zaindu eta gorputz ia guztia depilatzen duten
horietarikoa. Ilea zeharo engominatua eramaten zuen beti, flekillo arraro
batekin. Urteak aurrera joan ahala baina, azotea argitzen hasi zitzaion eta
Jardinero gaizoak gero eta arazo gehiago izan zuen gomina boteak bukatzeko.
Kuartelean esaten zen egunean bi aldiz ureztatzen zuela burua alopeziari aurre
egin nahian, balkoiko loreak ureztatzen zituen bidenabar.
***
Lo-zakuaren barnean etzan
nintzen. Maldan eta kranpoiekin zeharka ibiltzeagatik nahikoa kargaturik nabari
nituen hanketako bolak. Begiak itxirik eta erdi lo nengoela, kanpin-dendaren
kremailera entzun nuen. Eider zen, arropa ipini eta kanpora zihoala.
-Nora soas? -galdetu
nion instintiboki.
-Lasai, berehala etorriko
naiz.
Nora demontre doa neska
hau ordu hauetan egiten duen hotzarekin? galdetu nion nire buruari. Ez nekien ze tenperaturatan geunden, baina
hotzegi paseo bat emateko betiere.
Ez dakit zenbat denbora
egon zen Eider kanpoan, berehala lokartu bainintzen.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina