Maite haut oraindik!
2014ko abendua
Zer
moduz, maitea?
Bai,
maite haut. Ona nauk, onegia beharbada, eta maite haut oraindik.
Deprimiturik
nagok aspaldixkotik, gure artekoa utzi genuenetik kasik, baina ona nauk eta
maite haut. Zer egin dezaket?
Lagunak
gintuan bikote baino lehen, txikitatik lagun. Arratsalde hartan gertatu zenak
baina, dena aldatu zian. Esploratzaileetara ari gintuan jostatzen orkatila
bihurritu nuelarik eta hire esku handiekin hasi hintzen nire oin minduari
masajea ematen. Nik, mutu, egiten utzi nian plazer
handiz. Nire gorputz guzia esploratzen bukatu huen ohartu orduko eta gure
termostatoak lehertu egin zituan. Esku beroa hankartera sartu hidalarik gure
mingain potoloek talka egin zitean hire aho barnean eta desiren desiran urtu gintuan.
Urte
luzez atxiki genian gure harremana isil-gordeka.
Pisu-kideak
ginela erran genian elkarrekin bizitzera joan ginelarik eta usu ibiltzen
gintuan bestaz besta irri eta orro. A ze garaiak!
Gero,
gure artekoa era natural eta publiko batez bizitzea proposatu nian, orain armairutik ateratzea erraten dena, eta giroa
erabat gaiztotu zuan gurean. Izaera tupustean aldatu zitzaian, etengabeko nahi
eta ezin batean aurkitu izan bahintz bezala. Nirekin ahalketurik eta ni gabe
ezin biziz aldi berean.
Pisuan
ez huen deus ere egiten eta elkarbizitza emeki-emeki joan zuan usteltzen.
Enpresa berean lan egiten genian gainera eta igandeetan baino ez genian astirik
erdiesten guretako. Hamaika plan eta ateraldi proposatu nitian baina igandeak
atseden hartzeko zirela erraten huen beti oihuka. Maiz joaten hintzen etxetik
deus erran gabe eta amoranteren bat bahuela hasi ninduan susmatzen. Susmo hark
erraiak erretzen zizkidaan.
Egun
batean, bat-batean, neguko bestetan seme bat izana huela enteratu ninduan. Beraz,
gustuko hituen emakumezkoak ere? Ala koartada heterosexual moduan erabili huen
soilik? Edozein modutan, emakume hark senarra zuela jakin nian gerora, Jose
delako bat, eta ipuin fantastikoa kontatua ziola emakumeak haurdunaldia
justifikatzeko.
Ni
traizionaturik sentitu ninduan hire semearen kontu harekin eta denbora eskatu
nian. Sutan paratu hintzen orduan, zeharo koleraturik, eta ondasun banaketa
eskatu huen. Igarotako denborak ematen duen perspektibatik ikusita, paktu
hartatik galtzaile atera nintzela baiezta zezakeat.
Goitiko
solairua, garbia eta paradisuaren pare argitsua dena, hiretako hartu huen.
Beheitiko partea aldiz, zikina eta leihorik gabeko infernua dirudiena, niretako
izan zuan.
Hartaz
gain, nirekiko gaizki esaka hasi hintzen hortik barna, mota guzietako
zurrumurruak hedatuz. Horren ondorioz edo, goi mailako kargua eman ziaten
enpresan eta hire iritziek Kristoren eragina hartu zitiztean.
Denbora
batera, ni jazartzen jarraitzeko, semea eta bere lagunak entxufatu hituen
enpresan. Makarra hutsa zuan hire semea eta Latin
King moduko taldea osatu zian bere hamabi lagunekin. Berehala hasi zituan
nitaz trufaka adarrak nituela erranez, larru gorrikoa nintzela, animalien
gisako buztana nuela, eta tankera horretako irainak botaz. Goitizenak ere
paratu zizkidatean: Iluntasunaren printzea, Aingeru beltza, Belzebu, Luzifer,
Satanas, Deabrua… Hiri Jauna edo Jaungoikoa errespetu osoz deitzen ziaten
bitartean.
Hire
semearen hamabi lagunetatik bakar bat ohartu zuan nirekin egiten ari zirena ez
zela bidezkoa, Judas delako bat, eta segituan paratu ziotean traidore etiketa.
Gaizoa, horrela geldituko duk betirako.
Edozein
modutan, difamazioarekin segitu zitean bertzeek eta enpresan gertatu ezbehar
eta istripu guzien errua niri leporatzen jarraitu zitean, inolako probarik
aurkeztu gabe.
Bizkitartean,
denbora honetan guzian, hamaika gerra, hilketa, tortura eta imajinatzen zailak
diren basakeriak burutu ditiztek hire izenean nire balizko asmo gaiztoen
kontrako borrokaren aitzakiapean.
Ez
dago eskubiderik!
Pazientzia
handiz jokatu diat baina denak dik bere muga, eta, azkenean, salaketa paratu
nian mobbing egiteagatik.
Orain,
azken judizioaren egunaren zain gaudela, salaketa deuseztatzeko prest nagoela
errateko idazten diat, izan ere eta erran dudan moduan, ona nauk eta maite haut
oraindik.
Aldi joana ez duk itzultzen,
baina hirea izanen nauk betiko.
Muxu
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina