BARKATU
Promenade.
Eguzkiak
patioko zoko bat berotzen du. Gaur, sugandila izanen naiz eta ahalik eta
eguzki-izpi gehien itzaltzea proposatu diot nire buruari.
Taldetxo bat
bueltaka ari da, eleketan. Ni eta eguzkiaren artean gelditu dira halako batean,
eztabaida piztuan.
Itzalik ez egiteko eskatu diedalarik,
“desole” erran dit batek. “Zuek abiatzearekin berriz soleatua” pentsatu dut
nik.
AKADEMIA
Frantsesez
ez naiz sobera ongi moldatzen, eta Dieudonné umoristaren ikuskizunak izan ditut
eskola ia bakarra.
Espetxeko
patioko azentuak, hizkerak eta jarrerak ikusirik, ezin izan nuela akademia
aproposagorik aurkitu iruditu zait.
BI ORDUZ
Aspaldi,
Baztango bazterrak korritzeari ekin zion karakolak, emeki, egunean bi orduz
baino ez. Ohartu orduko, hogei urte bete zituen Xorroxin irratiko “Karakola
segi hola!” irrati saioak.
Nik duela
urte batzuk ezagutu nuen karakola, eta usu igo egin naiz bere gainera
bidaiatzeko. Baztandik ihes egin behar izan nuen artio.
Geroztik,
teknologiari esker, tarteka-marteka egin izan diot bisita karakolari, berak
jakin ez arren. Azkeneko aldia errate baterako, lagunez inguraturik bere 20. urtebetetzea
Zubi Punta ostatuan ospatu zuelarik izan zen. Zorionak karakola!
Karakola
bezala, egunean bi orduz ibiltzen naiz ni ere, emeki, ordu bat goizean eta
bertze bat arratsaldean. Patioan bueltaka, karakolaren gainean bidaiatutako
dudan hurrengo aldiarekin egiten dut amets. Espero dut hogei urte ez pasatzea
ohartu gabe.
URRATSEN
MEMORIA
Behin,
Baztango mendietako bideetatik galdurik, “harri hauek solastatuko balira..”
erran nion lagunari. “Harriak dira, ez dute hitz egiten” erantzun zidan.
Baztango aborigena zen bera, ni, aldiz, kalekumea, baina ez nion sinetsi.
Urrats bakoitzean
ejertzito galtzaileen ipuinak kontatzen zizkidaten harri haiek, baita ejertzito
irabazleenak zein bidelapurrenak ere, gauza bera ez badira.
Harri edo
bide bat zapaltzen duzu, eta konturatu gabe, zure ipuina ari zara lurrari
kontatzen. Zure gibeletik norbait etorriko da, eta bere oina leku berean
paratzean zure ipuina jasoko du, ulertu ala ez.
Ni adibidez,
kontrabandisten ipuinak errezitatzen zituen bideak libratu ninduen torturatik.
Urte
batzuetan, idatzi ezin diren ipuinak ibili nituen.
Patioko
asfaltoak arnasarik hartu gabe kontatzen ditu ipuinak, urrats bakoitzean entzun
ditzaket. Hori bai, hainbertze ipuin hain eremu txikian kontatzean, erabat kolapsaturik
daude lineak, eta istorioak nahasi egiten dira. Alabaina, Senegaleko elezahar
liluragarriak aditu ditut, Mosku eta San Petersburgoren magia ezagutu,
Algeriako merkatariak ikusi, Portugaleko fadoak abestu, Marokoko koloreak
usaindu, Rumaniako basoak bisitatu…
OHARRA
Patioan
entzuten den erdia baino gehiago gezurra izan daiteke. Literaturak kontatzen
duen gehiena gezurra izan daiteke. Zer erran, beraz, literaturak patioko gora
beherak kontatzen dituelarik?
Hala eta
ere, periodikoetan zein telebistako albistegietan baino egia gehiago dago ziega
batean juntatutako hitz hauetan.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina