(Ideia batek hamaika buelta eman ditzake loezinak jotako iheslariaren
buruan. Hurrengo testuaren ideia kanta izateko sortu zen. Alabaina eta arrazoi
ezberdinengatik, ez zen horrela gauzatu, eta horra doa testu bilakaturik, ea
horrela burutik ateratzen den)
GAZAKO ILARGIA
-Infernu honetatik ihes egin beharko genuke -erran
zuen amak behin.
-Ihes egin? Nola? Nora? -arrapostu zion aitak- Lau
pareta hauetatik aparte ez dugu bertze ezer... Gainera, hau da gure lurra, lur
palestinarra... Gure arbasoak lur honetan bizi ziren gu bizi garen
bezal-bezala. Eta gure seme-alabak ere lur santu honetan biziko dira.
Ama begira geratu zitzaion aitari, mutu baina
pentsakor. Ez zien aitaren solasei erantzun baina “hau ez da bizitzea, hau
hiltzea da” pentsatzen zuela iruditu zitzaidan. Gero, guri zuzendu zigun bere
beirazko begirada, beren seme-alabei alegia, bonbei eta misilei gutako nork
biziraunen zuen asmatu nahian bezala.
Horrelako solasaldiak maiz aditzen ziren gure
etxean, baita barrideenetan ere nik uste. Gure lurra..., lur santua..., lur
palestinarra... Zenbat palestinarrek egin ote du amets lur honekin? Belaunaldiz
belaunaldi amets bera: lur palestinarra.
Amets horiek guziek harritu naute beti,
txiki-txikitatik. Gosea, egarria, eritasunak, errepresioa, gerra, hegazkinak,
bonbak, helikopteroak, misilak, hildakoak, odola... Zer ikusten diote lur
madarikatu honi? Zertaz amestu horrelako lur batekin?
Nik, amets egitekotan, ilargi palestinarrarekin
amestea nahiago dut. Gauero etortzen zait bisitan Gazako ilargia, batzuetan erdi
ahalketurik eta bertze batzuetan konplexurik gabe. Beti triste, hori bai, baina
hemen ikusten duenarekin… nola alai egon?
Lur palestinarra zer den, zoritxarrez, egunero
ikusten dut. Ilargi palestinarra ordea... Ziur han ez dagoela gerrarik, ez
hegazkinik, ez bonbarik ez eta kolonorik ere ez. Nola ez egin amets horrelako
leku xarmant batekin?
Gau batez gorri-gorri zegoen ilargia, eta aitak
“ilargi gorritua gau odoltsua” erran zuen, baita seme-alabei ilargi odoleztatu
hura ez begiratzeko agindu ere. Dena dela, nik banekien odol hori guzia ez zela
ilargiarena, izan ere, israeldarrek birrindu ziguten eskolan aspaldi ikasi nuen
ilargiak ez duela argi propiorik, eta ispilu baten gisan, parean duena baino ez
duela islatzen.
Luze gabe, heriotzaren motorrak aditu ziren
zerumugan. Nik, nire anai-arrebak estuki besarkatu, eta ilargi
palestinarrarekin egin nuen amets.
Errepresioaren joanak
Askatasunaren etorriak izanen direlakoan,
etorririk gabeko bortxazko joanik ez!
Little*
*egilearen oharra Israelgo agintariei: hau ipuin bat da, bertzerik gabe,
nolabaiteko zentzu metaforiko batekin, beraz eta faborez, oraindik bizirik
gelditzen diren palestinar apurrak ez igorri ilargira ipuina aitzakiatzat hartuz.**
**egilearen oharra irakurleari: Israelgo agintariendako oharrak zentzu
bikoitza dauka, izan ere, palestinarrak atxilo hartzeko, torturatzeko,
erailtzeko eta desagerrarazteko Israelek duen espetxe sekretu nagusia “Ilargia”
ezizenez ezagutzen da.
*ipuin hau Hitzen Uberan-en argitaratu zen 2012an.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina