-Hemen daude azken atxilotuari atzemandako dokumentuak nire sargento.
-Beraz, froga argiak dira, ez? Zalantzarik gabekoak.
-Bai nire sargento, batez ere “Etorkizun hurbila” izenekoa. Hemen duzu
kopia bat:
ETORKIZUN HURBILA
2008ko Sanferminak ziren, 7a edo 8a, ez dakit, eta
bizpahiru egun neramatzan gau-pasaz. Nire arropa ez zen zuria baizik eta
tonalidade guzietako beltzak eta moreetakoa. Hautsia zenbait tokitan. Leher
kaka eginda nengoen eta nire ibilkerak, bizkarra estrategikoki makurturik,
aurre egiten zion grabitatearen legeari. Begi bat ez zitzaidan apenas irekitzen
(mozkorra nagoelarik beti berdin gertatzen zait). Kalimotxoaren ardoak ederki
koloreztaturik neramatzan ezpainak eta aho barnea infernu bat zen: hortzetako
zikinaren erliebea senti nezakeen mingain lodituarekin eta zenbait tokitan
zauriak nituen. Ez dut oraindik erran, baina noski, sosarik gabe nengoen eta
txartel eta karnet guziak galdurik.
Ez nintzen gizaki bat, ezta peñetako mozo bat
sikiera ere. Parasito bat nintzen, bakteria ibiltari bat. Edo birus bat hobeki
erranik.
Jarauta karrikatik narrasean nenbilela, nire begi
ireki bakarrak ahaleginak eta bi egiten zituen ea ezagunen bat identifikatzen
zuen frito bat mendigatzeko, eta nire tripa makilatuek erregeari fax bat igortzera
behartu ninduten. Ondoan zegoen lehenbiziko ostatuko komunean sartu nintzen.
Fax-a beltza izan zen, eta likidoa. Tronuan
jarririk, nire burua janzteko okurrentzia zentzugabea izan nuen eta komuneko
atean izkiriaturik zeuden aipu filosofikoak irakurtzeari ekin nion: presoak etxera, Barcina hijaputa siempre,
NaBai sinvergüenzas, I love you mamy, gora ETA, Txantrea independiente, petit
Garzon=Grande Marlaska, semos de Falces/de la Ribera/ semos los que regamos la
marihuana con... Bat-batean, errotuladorez eta kolore ezberdinez idatzitako
letra guziak dantzan hasi ziren, eta letren makilak bata bertzearekin lotzen
eta kateatzen. Giza irudi bat sortu zuten mugimendu hipnotiko batez, gizon
baten aurpegiarena hain zuzen. Kopeta luzeko gizona zen, edo burusoila nahiago
bada. Beheitiko ezpainaren azpian ile pixka bat zeukan, eta patilla luzeak.
-Kaixo, Little -erran zidan ahots marrantatu
batez-. Etorkizunetik nator.
-Ez erran lejia ekartzen duzula -arrapostu nion
egun haietarako gelditzen zitzaidan ateraldi bakarra xahutuz.
-Ez, ez nator hain urrundik. Etorkizun hurbiletik
baino ez natorkizu.
-Eta, aitzinamendu teknologikoren bat dakarzu?
Moztuta gelditu zen, nonbait ez zuen nire eskaera
espero, eta pentsakor gelditu zen istant batez. Ez dakit nondik baina ezaguna
egiten zitzaidan aurpegi hori.
-Ah, begira -erran zidan bekainak goratuz-,
etortzen naizen urtean Mendibile Ardo Akademiak kalimotxorako ardorik onena
bilatzeko kata handi bat antolatu du hainbat aditurekin.
Ostia pentsatu nuen nire baitan, biba etorkizuna!
Bera, irudia, edo haluzinazioa, edo dena delakoa,
mutu gelditu zen, nire arrapostua edo galdera gehiago itxaronen balu bezala.
-Ados -erran nuen-, profitatuz hemen zarela...
etortzen zaren urtean zutik dago oraindik Itoitzeko urtegia ala lehertu egin da
azkenean Agoitz eta herri horiek guziak xehatuz.
-Ez, ez da lehertu oraindik. Japonen aldiz,
alimaleko hondamendi nuklearra egon da. Baina ez kezkatu, adituek diote zentral
nuklearrak seguruak direla eta istripua tsunamiarengatik izan dela, ez
zentralengatik.
-Eta Fidel, zer moduz dago Fidel?
-Ongi, sasoian, eta beti bezala, txandalean. Hugo
Chavez-i ordea minbizia aurkitu diote.
-Eta Evo?
-Evo Morales? Lanean fuerte. Gero eta babes
gehiago dauka eta sozialismoan sakontzen jarraitzen du.
-Jode, pozten naiz, pozten naiz... Ez dakit
galdetzea merezi duen baina tira, nola daude Palestinan?
-Izorratuak, beti bezala. Edo inoiz baino
makurrago beharbada. Israelek nahi duena eta gehiago egiten du, eta
mendebaldeko herrialdeen babesarekin doike.
-Kurdistan?
-Bortzpasei herrialdetan zatiturik, lehenago
bezala. Abdula Ocalan-ek Imrali uharteko espetxean jarraitzen du baina
elkarrizketei berrekiteko akordio bat egin du Turkiako estatuko ordezkariekin.
Alabaina, Kurdistango hainbat eragilek autonomia deklarazio bat egin dute, eta
Turkia auzitara jotzeko aukera ari da aztertzen.
-Zakilberde aluak! Irlandan bederen bake
prozesuarekin jarraituko dute, ez?
-Bai, hala-nola. IRAko disidenteak apur bat
indartu dira beharbada, eta ekintza bat edo bertze egiten dute tarteka-marteka.
Gainera, protestanteen martxa orangistek protestak eragin dituzte eta hondar
urteetako istilurik larrienak gertatu dira Belfast-en. Nolanahi ere, badirudi
bake prozesua aitzina doala.
-Eta hemen, etxean?
-Etxean ere egoera politikoa aldatzen ari da emeki-emeki.
Bildu azken momentuan legalizatu dute eta...
-Bil-zer?
-Bildu, udal hauteskundeetara aurkeztu dugun
koalizio ezkertiar eta abertzalea. Alimaleko emaitzak erdietsi ditugu, udaletxe
pilo batean alkatetzak eskuratuz. Pentsa, Donostiako alkatetza eta Gipuzkoako
ahaldun nagusiko postua ere kausitu ditugu.
-Ostia -moztu nion-, baina ze urtetik etortzen
zara zu, 3500etik?
-Ez, ez, etorkizun hurbiletik erran dizut. Aski
hurbil gainera. Afera da hurrengo hilabeteetan barne eztabaida sakon bati
ekinen diozuela ezker abertzalean eta bertan estrategia berri bat erabakiko
duzue. Gero akordioak etorriko dira eta gero emaitzak.
-Horrela erranik aise ematen du baina... ez dakit,
ez dakit... -pentsakor gelditu nintzen solasean jarraitu baino lehen- Eta nor
da Gipuzkoako ahaldun nagusia, Otegi?
-Ez, Otegik espetxean emanen du denbora hori
guzia, Auzitegi Nazionalera astero bidaiak eginez kasik -hau erranik isilune
luze bat egin zuen solastatu baino lehen, eta haluzinazioa apur bat gorritzen
zela iruditu zitzaidan-. Martin Garitano da ahaldun nagusia.
-Martin Garitano, Martin Garitano... -errepikatu
nuen nire baitan izenari aurpegia paratu nahian- Kazetaria?
Bai lotsatu batez erantzun zidan. Eta ez, ez nuen
momentuan ezagutu. Zer nahi duzue, hiru egun gau-pasaz zaudelarik ez da erraza
izaten haluzinazio guziak identifikatzea.
-Eta -jarraitu nuen galdeketa-, presoen eta
iheslarien gaia, nola dago zure urte horretan?
-Bada, Oskar Matutek prentsaurreko bat eman du
Gernikako Akordioa sinatu zutenen izenean eta...
-Et, et, et... kieto
parao... Oskar Matute Ezker Batukoa?
-Bai, horixe bera. Alternatiba izeneko alderdia
sortu zuten, Ezker Batutik kanpo. Gernikako Akordioa izeneko akordioa sinatu
zuten, eta gero ere, Bildu koalizioan sartu ziren.
-Eta nor gelditu da Ezker Batuan?
-Cuatro y el
del tambor erraten den bezala. Hori bai, egunero elkar mokoka daude eta lau
horiek ez dira danborrekoarekin solastatzen. Jada ez dira ez Ezker ez eta Batua
ere. Bueno, erraten nuena, Oskarrek prentsaurrekoa eskaini du Gernikako
Akordioaren izenean eta erran du amnistiaren bidean neurri jakin batzuk hartu
behar direla berehala preso eta iheslari politikorik gabeko egoera batera
heltzeko, eta bizkitartean presoen eskubideak errespetatu behar direla,
dispertsio politikarekin amaitu behar dela presoak Euskal Herrian bilduz,
gaixotasun larriak dituzten presoak askatu behar direla, bizi guziko kartzela
zigorrak bertan beheiti utzi behar direla eta legeak jasotzen dituen onurak
mugarik gabe eta arbitrariotasunik gabe ezartzeko exijitu du.
-Baina-baina-baina zer diozu?! Sekulan izan dudan
haluzinaziorik haluzinanteena zara -erran
nion erdi zezelka komuneko atean zegoen irudiari-. Orain erran Rubalcalva ahalguztidunak
almorranak dituela eta munduko pertsonarik zoriontsuena eginen nauzu.
-Ez, Rubalcaba Espainiako gobernurako
presidentegaia da.
-Bai to!, baita deabruaren buztana ere!
-Bai, eta Barcina Nafarroako presidentea PSN-rekin
koalizioan.
-Ah begira, hori bederen ez da aldatu, edo ez nauela
harritzen erran nahi. Bon, tira, zer gehiago?
-Mugimendu herritarrek Afrikako iparraldea astindu
dute, hilabete batzuk beranduago Espainiako jendartea haserretu da pixka bat,
Iraken eta Afganistanen gerra ondoko gerran jarraitzen dute eta NATOk Libia
bonbardatzen du Gadhafi agintetik kendu nahian, baina berdinketan dago afera,
zeharo blokeaturik. Ikurriñak debekatua segitzen du Iruñeko txupinazoan baina
jendeak pila bat sartu ditu udaletxeko plazara, ostiaka izan bada ere.
Bertzetik, hiru eraso sexista izan dira gutxienez Sanferminetan eta udal
berriak aurrekoaren bide bera hartu du herri mugimenduaren ekitaldiak
debekatuz. Ah, eta billabesaren entzierroan udaltzainen kargak izan badira ere
ez du ematen Euskal Herrian abian den ziklo politiko berria arriskuan dagoenik.
-Etorkizuneko billabesaren entzierroa? -erran nuen
begi arranpaloekin eta ilusioz beterik- Ni bertan nago? Indurainek harrapatu
nau? Arras mozkorra nago? Zikina?...
-Ez, baina nahiko zenuke.
Hau erranik, ateko aurpegia osatzen zuten
makiltxoak dantzan hasi ziren berriro ere, osatzen zuten irudia erabat
deseginez.
-Ez! -hasi nintzen oihuka- Ez joan orain! Ez joan!
Erantzun, non egonen naiz ni zure urte horretan?! Non egonen naiz?!
Bat-batean beheiti etorri zen komuneko atea, eta
ostatuko kamareroak lurrean aurkitu ninduen, zerrautsa bustia, plastikozko
basoak, paperak, kondoi eta konpresa erabiliak, erabili gabeak, pizak eta era
guzietako objektuen artean lo.
Errepresioaren joanak
Askatasunaren etorriak izanen direlakoan,
etorririk gabeko bortxazko joanik ez!
Little
***
-Zer da hau, broma bat? -erran zuen sarjentuak
papera eskuetan.
-Ez nire sargento, dokumentu hau gure teoria
baieztatzen duen froga argia da.
-Benetan? Beraz, irakurritakoa... ongi ulertu dut?
Edo gure itzulpen zerbitzuaren bertze txapuza bat da?
-Ez nire sargento, jatorrizko dokumentua gure
kideek itzuli dute, Eusko Jaularitzako euskara batzordekoek alegia.
-Joder, eta zertarako idatzi zuen Little horrek
horrelako testu pitoa?
-Zehatz-mehatz ez dakigu baina uste dugu Ataramiñe
literatura kaierek urtero argitaratzen duten bildumarendako izanen zela. Gure
gizonek idazlearen kupulatik argitaletxearen kupularako bidean neutralizatu
dute dokumentua.
-Oso ongi, oso ongi. Arras lan ona egin duzue. Eta
orain, erraidazu, zertan baieztatzen du dokumentu honek gure teoria? Eta hori
baino lehen, zein da gure teoria?
-Bai, nire sargento, dena da ETA, ETA dena da,
ETAren ingurua ETA da, inguruaren ETA ETA da, denok gara ETA, eta
nahaste-borraste hori guzia.
-Ah bai, hori. Bon, jarraitu azalpena.
-Bai nire sargento. Hasteko eta behin, kontutan
hartu behar dugu agerpenaren protagonista Martin Garitano dela, hots, Bilduko
zerrendaburua Gipuzkoan, eta dokumentuaren bertze protagonista, ihesean dagoen
terrorista bat. Beraz, 2008ko uztailean zehaztu gabeko egun batean eta Iruñeko
Jarauta karrikako zehaztu gabeko ostatu bateko komunean gertaturiko fenomeno
paranormala asmo terroristentzat egindako bilkuratzat har daiteke. Dokumentu
hau bilkura hartako akta litzateke eta honek frogatuko luke Bildu ETA dela eta
alderantziz.
-Alderantziz?
-Bai, nire sargento, Bildu ETA dela eta ETA Bildu
dela.
-Ah bai, bai... Jarraitu.
-Honetatik aparte, argi ikusten da dokumentuaren
bi protagonistak Fidel Castro eta Hugo Chavez-en osasunaz interesatzen direla.
Zergatik? ETAren komandoak Kuban eta Venezuelan trebatzen direlakotz. Protagonistetako
bat...
-Zein, kazetaria?
-Ez, bertzea, drogatua. Garitanok etorkizunetik
etortzen dela erraten dionean, Little delako hori berehala interesatzen da
Itoitzeko urtegiaz eta hori ez da batere normala. Imajinatu norbait etortzen
zaizula etorkizunetik... galdetuko zenioke lehenengo gauza ea urtegia zutik
dagoen izanen zen?
-Ez da normala, ez.
-Horrek frogatuko luke “Solidarios con Itoitz”
taldea KAS-en pantalla bat dela, bere egunean erran genuen bezala. Gainera,
argi eta garbi ikusten da Agoitz eta inguruko herrietako biztanleen heriotza
desiratzen dagoela, beraz, harrapatzen dugun egunean milaka homizidio
saiakeraren desioa sartzen ahal diogu. Gero, dokumentuaren bukaera aldera,
billabesaren entzierroan parte hartzeko gogoa adierazten du eta hori kale
borroka da gutxienez, edo autobus bati eraso saiakera.
-Hor zerbait erraten du Indurain bati buruz, ez?
-Bai, nire sargento, oraindik ez dakigu zer erran
nahi duen zehazki baina baliteke erakunde terroristako kolaboratzailetako bat
izatea. Bertze usb batean oraindik ikertzen ari garen izen zerrenda ageri da:
Maddi Oihenart, Fermin Valencia, Mikel Laboa, Bob Dylan, Silvio Rodriguez,
Patrice Dumora, Leonard Cohen... Beharbada loturaren bat izanen dute Indurain
horrekin.
-Shakira delako bat ageri da ere...
-Bai nire sargento, baina hori musikari bat da;
waka-waka, futbol mundu kopa, Hego Afrika... gogoratzen?
-Ah bai, España inperialaren berpiztea, ah ze
garaiak... Bon, zerbait gehiago?
-Bai, nire sargento. Rubalcabari almorranak
desiratzeagatik ez dakigu oraindik zenbat sartzen ahal diogun baina baliteke
oilobusti horrek eguzkiaren argia ez ikustea gehiago.
-Bizi arteko zigorra ezarri ala ez da zalantza?
-Ez nire sargento, bizi arteko zigorra bat ala bi.
-Ados, ongi da. Badakigu noizkoa den dokumentua?
-Zehazki ez baina kontatzen duenagatik 2011ko
uztaila aldera kokatu dute gure adituek.
-Ongi. Bikain. Oraingoan bai, oraingoan
barrabiletatik harturik ditugu. Hain froga sendoak izaki, jarraitu urgentziazko
protokoloa.
-Auzitegi Nazionaleko 3. epaitegia?
-Ez, ez... Komunikabideei filtratzea erran nahi
nuen.
-Noski nire sargento, zure aginduetara nire
sargento.
*ipuin hau Hitzen Uberan-en argitaratu zen 2012an.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina