Orriak

2022(e)ko abuztuaren 19(a), ostirala

"Bestaldean" euskal irratietan

 Hondoko elkarrizketa 2022ko abuztuaren 18an eman zuten euskal irratietako Goiz Berri saioan.

Euskal iheslari politikoen bizipenak biltzen dituen "Bestaldean" liburua aurkeztu dute.

1960 urtetik gaur egunera arte, arrazoi politikoengatik erbestera jo duten euskal herritarren lekukotasunak bildu dituzte bi iheslari ohi nafarrek. Anitzetan, klandestinitatea tarteko, itzalean gelditu da iheslari eta deportatuen kontakizuna. Hogeitamar elkarrizketetan bildutako bizipen bilduma honekin, errealitate ezkutu hori argitara ematea ukan dute helburu Jaione Doraik eta Ernesto Pratek, 'Bestaldean, Euskal Iheslari politikoen bizipenak' liburuarekin.

ENTZUN AUDIOA

"Bestaldean" BERRIA egunkarian

Hondoko elkarrizketa 2022ko abuztuaren 9an argitaratu zen.

Testua Maddi Ane Txoperenarena da eta argazkia Fokuko Idoia Zabaletarena

«Torturak erabat baldintzatu du ihes egiteko erabakia»

1960tik gaur egun arte arrazoi politikoengatik ihesean bizi izan diren euskal herritarren historiak bildu dituzte Doraik eta Pratek 'Bestaldean' liburuan. Nabarmendu dute askotarikoak direla bildutako bizipenak.

Iheslariak izan ziren haiek ere, eta transmisio lana egin dute Bestaldean. Euskal iheslari politikoen bizipenak liburuarekin (Txalaparta, 2022). Jaione Dorai Oskotzek (Berriozar, Nafarroa, 1985) eta Ernesto Prat Urzainkik (Berriozar, 1978) 30 iheslari eta iheslari ohi elkarrizketatu dituzte, eta narrazioak eta poesiak tartekatu haien hitzei, iheslari gehienen «bidea» markatu duten «bidegurutzeek» harilkatuta.

Iheslaria, itzal beltz hori... Ahantziak izan dira, nolabait?

JAIONE DORAI: Ez nuke esango. Gaia ez da hainbeste landu, baina ez dira ahantziak izan.

Zer dago itzal horien gibelean?

ERNESTO PRAT: Mugimendu politikoak erabili izan ditu itzalak ihesean daudenei erreferentzia egiteko, eta hamaika arrazoi daude tartean: bistan denez, errepresioaren mehatxuari izkin egiteko, segurtasun afera... Horrek ekarri du bazterreko gai bat izatea, erdi tabua. Pertsona bat ihesean dagoelarik, mamu gisako bat bilakatzen da, eta lagunek eta ingurukoek ez dute galdetzen. Baina silueta izateari esker biziraun dute hainbat hamarkadaz iheslariek.

Hain justu, ezezaguna da iheslarien errealitatea. Horri aurre egiteko modu bat da liburua?

DORAI: Bai. Eta orokorrean aipatzen da euskal gizartea, baina, gure inguruan ere, nahiko gai itzalekoa izan da.

PRAT: 1960ko hamarkadatik hona, denetarik gertatu da erbestean, hamaika errealitate, askotarikoak, konplikatuak, eta helburua zen aniztasun hori islatzea.

Liburua bizipenez osatuta dago nagusiki. Zergatik hautu hori?

DORAI: Bat, ez direlako kontatu. Eta bi, erbestea ezin delako kontatu bizipenak ezagutu gabe.

PRAT: Nolabaiteko bidea da liburuaren ardatza. Ihes egitea erabakitzen duzunean, bide bat hasten da, eta, bide horretan, ate edo bidegurutze batzuk aurkitzen dituzu, erabaki batzuk hartzen dituzu, egunerokoan gai batzuk suertatzen zaizkizu; kasurik hoberenean, sorterrira bueltatzen zaren arte. Iheslari bakoitza errealitate bat da, eta hori islatzeko modurik egokiena beharbada zen bakoitzak bizitakoaren arabera egitea. Horregatik puzzle hori.

DORAI: Euskal Memoriak euskal erbestearen inguruko liburukote bat argitaratu zuen duela urte batzuk, eta horrek jadanik jasotzen du 1936tik hona egindako erbestearen kronika sakona, datuz jositakoa. Kasu honetan, errealitatea modu zuzenago batean hurbiltzea zen helburua.

Bakoitzak du bere historia, baina badituzte antzekotasunak. Zein nabarmenduko zenukete?

PRAT: Ihes egitea erabakitzen duzunean hasten da bide hori, eta ia denetan oso presente dago Espainiako Poliziak eta Guardia Zibilak tortura erabili dutela: horrek erabat baldintzatu du ihes egiteko erabakia.

DORAI: Ematen du torturari ihes egiteagatik egin duzula ihes, baina ez da horrela izaten askotan. Tortura oinarri-oinarrian dago; askotan, torturak eragindako inkulpazio batzuetan atera delako zure izena: beste batzuk torturatu izanaren ondorioz zaude zu egoera horretan.

PRAT: Eta zu torturatuz lortuko dute autoinkulpazioa eta zuk bertze izen batzuk kantatzea, eta, orduan, errepresioaren txirrika bihurri hori mozteko modua da zu ez harrapatzea.

Eta behin bidea hasita?

PRAT: Pertsonaren izaeraren arabera: badira batzuk ihes egitea haustura bat bezala bizi dutenak, bertze batzuek aukera bezala...

DORAI: Kasu guzietan aurkitzen da errepresioa. Eta elkartasuna ere bai: etengabekoa da osagai hori, herrialde eta garai askotan. Iheslariek errepresio neurri askotarikoen pean biziraun badute, elkartasunari esker izan da.

Ziurgabetasuna ere hor da. Ez jakitea noiz arte.

PRAT: Etxe batean gorderik egoten ahal zara, bizitza publikoa egiten Iparraldean, paper faltsuekin atzerrian, baina ez dakizu momentuko egoera horrek zenbat iraunen duen.

DORAI: Hori ere bada errepresioaren ondorioa: dena gurutzatzen du denbora guztian.

Paradoxa bat dirudi: errepresiotik ihesi, eta berriz errepresioa.

PRAT: Askotariko neurri errepresiboak asmatu dituzte iheslarien kontra: entregak, konfinamenduak, asignazioak, deportazioak, atxiloketak, espetxeratzeak, paperak kentzea...

DORAI: Eta gerra zikina.

PRAT: [Joseba] Sarrionandiaren aipu batean aipatzen da inkisidoreak oso irudimentsuak direla.

Emakume iheslariak «bi aldiz ikusezin» direla diozue, baina liburuan entzuten dira haien ahotsak: salatzen dute matxismoa, zaintza lanak ikusezinak direla...

DORAI: Emakumeok ez dugu baldintza eta egoera parekidea bizi alde horretatik ere: azkenean, gizartearen isla da. Emakume iheslariek aipatzen dutenez, errepresioa izan dute bizkar gainean, eta zama hori ere bai.

Zuek biak ere iheslari ohiak zarete. Zertan eragin dizue?

PRAT: Lagundu egin digu lana planteatzeko orduan: nola enfokatu. Eta, gero, gauzak errazten dizkizu barnetik ezagututako errealitate baten inguruan solastatzeak: gaiak elkarrizketatuei planteatzeko garaian... Beste iheslari eta iheslari ohien harrera ere ezberdina izan da, nik uste: konfiantza horrek lagundu du.

DORAI: Guztiz. Segur aski ez zen posible izanen gu ere ez bagina kide izanen. Eta guri ere liburu hau ekarpen gisa atera zaigu, bihotz-bihotzez; errealitate hori ezagutu dugulako, eta bazelako zerbait transmititu beharrekoa.

Batzuek erabaki dute ezizenez agertzea. Gai mina da oraindik?

DORAI: Errepresaliatu batentzat, ez da erraza izaten bizipenez solastatzea. Batzuetan, haiek beharra ikusita ere, agertzen zen halako bertigo bat, agian bazirelako gauzak haien inguru hurbilean ere kontatu gabekoak. Orduan, bat-batean liburu batean agertzea... Ez errepresioagatik bakarrik: orokorrean, jendea izan da anonimoa.

PRAT: Jendeak lotzen du sobera agertzea arazo posibleekin ere, beti badelako arriskua kausa berriak pizteko, edo zaharrak berpizteko... Azkenean, errealitate bat da: kausa zahar pila bat ireki dira azken urteetan.

DORAI: Eta, gero, errepresaliatu guztiei gertatzen zaiena: «Ez, nirea ez da garrantzitsua».

Iheslari anitzek itzultzeko aukera izan dute, baina badira oraindik ezin dutenak. «Noizbait iheslarien egoera konponduko bada» aipatzen duzue: liburuak balioko du horretarako?

PRAT: Liburu honek agerian uzten du gaur egun ere zer gertatzen ari den. Badira 25 iheslari eta zortzi deportatu ez dutenak etxera itzultzerik. Egoera hori konpondu gabe dago: mahai gainera ekartzen du abisu hori.

DORAI: Horrek ez du esan nahi ezagutaraziz bakarrik konponduko denik: EIPK-k bide orri bat plazaratu zuen Miarritzen 2013an, eta hor plazaratu zituzten konponbiderako oinarriak. Baina kontu oso logikoa da: ezagutzen ez den errealitate bat nola landu? Hori da oinarria.

 

2022(e)ko ekainaren 15(a), asteazkena


Hurrengo ekainaren 17an "Bestaldean. Euskal iheslari politikoen bizipenak" liburua aurkeztuko dugu Jauntsaratsen, Basaburuan.

Hitzorduaren harira, honako elkarrizketa egin digute Esan Erran irratian:

 dute ostiralean Jauntsaratsen - Basaburua - Amezti.eus


2022(e)ko maiatzaren 28(a), larunbata

Ondoko artikulua GARA egunkarian eta NAIZ agerkari digitalean agertu zen 2022ko maiatzaren 16an "Bestaldean. Euskal iheslari politikoen bizipenak" liburuaren harira.

Testua Martxelo Diazena da eta argazkiak Idoia Zabaletarenak.

 

Iheslarien bizipenak jaso dituzte ‘Bestaldean’ liburuan Jaione Doraik eta Ernesto Pratek

Iheslarien bizipenak jaso dituzte Jaione Doraik eta Ernesto Pratek “Bestaldean” liburuan. Ihes egitera behartuak izan zirenen testigantzak bildu dituzte. 30 iheslari edo iheslari ohi elkarrizketatu dituzte, guztira: errealitate anitz eta zabal baten lagin bat besterik ez.



“Bestaldean. Euskal iheslari politikoen bizipenak” idatzi dute Jaione Doraik eta Ernesto Pratek. Txalapartak argitaratu duen liburuan iheslariek urtetan bizi izandakoa gogoratu nahi izan dute. Erakusten dutena haiek bizi izan dutenaren zati bat baino ez dela argi dute. «Jaso dugun bizipen bakoitzak liburu bat merezi du», diote. Hala ere, argi dute iheslarien errealitatea zabaltzea egin beharreko lana zela. Kaleetan agertzen diren silueten atzean dauden pertsonen historiak kontatzea merezi duelako. Euskal Memoriak iheslariei buruzko lan mardula plazaratu zuen, dokumentazio ugari eskaintzen duena. Txalapartako Garazi Arrula editoreak azaldu duenez, lan honekin horren atzean dagoen alderdi humanoa aurkeztu nahi izan dute.

Dorai eta Prat Berriozarrekoak dira, eta iheslariak izan dira biak. «Belaunaldi desberdinetakoak gara, baina ihesak batu gintuen. Guretzat oso hurbileko gaia da hau», dio Doraik, ideiarekin ia bost urte eman dituztela azaldu aurretik. «Errealitate hau nahiko ezkutukoa izan da oro har. Baita gure inguruan ere. Hamarkadetan luzatu den esperientzia kolektiboa da eta oraindik ere konpondu gabe dagoena. Guretzat oso nabarmena zen ezagutarazi beharra zegoela eta lanari ekin genion», gaineratu du.


Errealitate zabala

Lehen erronka milaka bizipen liburu batera eramatea eta liburu hori irakurgarria izatea izan zen. «Errealitate zabal, anitz eta konplexu batez ari gara. Oso sakona». Argi zuten subjektua iheslariak izanen zirela. «Beraiei ahotsa eman nahi genien, jakinik ikuspegi ugari zeudela», dio Doraik.

«Liburuan lehen pertsonean agertzen direnak iheslariak edo iheslari ohiak dira», nabarmendu du Pratek. «Beste errealitate batzuk aipatzen dira, familiak, bikotekideak eta abar, baina lehen pertsonan agertzen diren ahotsak iheslariak edo iheslari ohiak dira».

Azken erbestealdia kontatu nahi izan dute. «Badakigu Euskal Herrian erbesteak ez duela etenik izan», nabarmendu du Doraik. Lanean 1960an hasitako erbestealdian zentratu dira.
Jaso dituzten ahotsen artean –30 iheslari edo iheslari ohi elkarrizketatu dituzte, guztira– aniztasuna da ezaugarri nagusia. «Hamarkadetan iheslarien komunitatea munduan zehar barreiatuta egon da. Oso egoera desberdinetan, oso baldintza desberdinetan. Belaunaldi desberdinak daude tartean. Aniztasun oso zabala dago eta aniztasun hori bildu nahi izan dugu», diote.



Bizipenak kontatu nahi izan dituzte, «ihesa ezin baita azaldu bizipenak kontatu gabe». «Lanaren helburua ibilbide kolektibo baten kontaketa egitea da, bizipenetatik abiatuta. Argazki orokor bat egin nahi izan dugu oso anitza eta sakona den errealitate honen inguruan. Eta bide batez, oraindik konpondu gabeko zerbait dela erakutsi nahi izan dugu. Oraindik ere Euskal Herrian libre bizitzeko eskubidea ez duten herritarrak daudelako», gaineratu du Doraik.

Izenburuari dagokionez, «ezkutuko errealitate horren bestaldean dagoena liburuan azalduko genuela» erakutsi nahi izan dutela adierazi du Pratek. «Silueta horien bestaldean zeuden pertsonak agerian utzi nahi izan ditugu. Klandestinitate maila horren bestaldean egon diren bizipenak ere agertu nahi izan ditugu. Aunitzetan, zoritxarrez, eta hori ere liburuan azaltzen da, iheslariei bi muturrak tokatu zaizkie. Edo itzal bat zara edo telediarioetako titularra zara. Albistegien bestaldean daudenak agertu nahi izan ditugu. Eta klandestinitatea eta ihesaren egoeraren bestaldean gertatu diren gauzak kontatu nahi izan ditugu. Hainbeste ezagutzen ez den bestalde horretan jazotakoak», gaineratu du.

Liburua osatzen eta hasierako ideia fintzen hasi zirenean, iheslarien aniztasunarekin egin zuten topo. «Iheslari bakoitzak bere bizipen propioak ditu, bere istorio propioak. Baina aldi berean baziren faktore batzuk belaunaldi desberdinetan, egoera desberdinetan, geografia desberdinetan, gurutzaten zirenak», azaldu du Pratek.

Faktore komun horiek liburuaren ardatz bilakatu ziren. Ez zuten kontaketa kronologikorik egin nahi. Sorterritik ihes egitea, gainditu beharreko mugak, topatzen diren bidelagunak, herrimina, errepresioa, elkartasuna eta itzulera aztertzen dituzte liburuaren kapituluek.

Hainbat profiletako iheslari eta iheslari ohiekin kontaktua egin eta elkarrizketak egiteari ekin zioten. «Oraindik sorterrira itzuli ez direnekin hitz egin dugu; beste batzuek zorionez sorterrira itzultzeko aukera izan dute», dio Pratek.

Elkarrizketa fasea liburuaren ekoizpenan konplikatuena izan dela onartu dute. «Ez da erraza bere historia kontatzeko prest dagoen jendea aurkitzea. Ezezkoak jaso ditugu. Bertze batzuek parte harte dute eta horiena jaso dugu».



Gai delikatua

«Jendeak beharrezkotzat ikusten zuen horrelako liburu bat, baina beharbada ez zeuden prest horretan azaltzeko», esan du Pratek. «Errepresaliatu batentzat inoiz ez da erraza bere bizipenei buruz solastea. Gai hau delikatua delako, eta inguruan konpartitu gabeko gauza asko izanda, zaila da liburu baterako kontatzea», erantsi du Doraik.

«Bertigoa badago. Gertatu izan zaigu: pertsona batekin elkarrizketa egin eta izenarekin agertzeko arazorik ez zuela esan; argitaratu aintzineko zirriborrroa bidali bere datuak zehatzak zirela konfirmatzeko eta bere izena paperean ikusita bertigoa sentitzea eta ezizen bat erabiltzea eskatzea. Lehenik ezagutzen genuen. Ez da gauza bera gurekin, kafe baten bueltan, gauzak kontatzea edo liburu batean azaltzea», azaldu du Pratek.

«Errepresioa berriro ere berpizteko aukera ere hor dago. Kasu zaharrak berpiztu izan dira eta berriak asmatu ere. Venezuelatik itzulitako batek aipatu zigun gai hau. Ez dakizu edozein momentutan zerbait berria asmatuko dizuten eta etxean egotetik berriz ere 30 urteko espetxe zigorrera pasatuko zaren. Hori hor dago eta ez du laguntzen», kontatu du Pratek.

«Liburua puzzle gisako zerbait da: bildu dugun informazioarekin gai ardatzen arabera aurkeztu ditugu bizipenak. 30 lagun elkarrizketatu ditugu. Batzuk izenarekin azaltzen dira, beste batzuk ezizenarekin. Hori gertatu da. Badaude kasuak», gaineratu du.

Noizbait ihes egin behar izana da liburuko protagonistek batera duten ezaugarri bakarra. «Baina bakoitzak bere ibilbide propia izan du. Aniztasun horretatik lagin bat hartu dugu. Badira 60ko hamarkadan ihes egin zutenak eta 2010. urtean ihes egin zutenak ere bai. Gerra zikinetik hasi eta euroaginduetaraino. Familiarekin ihes egin zutenak, familia erbestean sortu zutenak... Beste milaka ahots jaso ahal genituen eta iheslari bakoitzak badauka liburu bat idazteko adina bizipen», azaldu du Doraik.





2022(e)ko maiatzaren 25(a), asteazkena

2022(e)ko maiatzaren 9(a), astelehena

Bestaldean. Euskal iheslari politikoen bizipenak

Lau urte pasa dira ideia honekin hasi ginetik, tartean mundu mailako pandemia bat eta guzti. Bada, aste honetan, azkenean, “Bestaldean. Euskal iheslari politikoen bizipenak” liburua aurkeztuko dugu.


Asteazkenean, maiatzaren 11n, Txalapartako editorea den Garazi Arrularekin aurkeztuko dugu lana, goizeko 11:00etan Iruñeko Karrikiri euskal dendan.

Arratsaldeko 19:00etan, aldiz, Katakrak liburu dendan aurkeztuko dugu solasaldi formatuan, liburuan parte hartu duten zenbait protagonistekin batera.


Bertzetik, agendarekin jarraituta, maiatzaren 20an liburuaren bertze aurkezpen bat izanen da, kasu horretan Baztanen, Elizondoko Amezti elkartean arratsaldeko 19:30ean.


Bistan denez, gonbidatuta zaudete denak!